Bizkaiak biluzten du EAJren eta PSEren hondakin-politika Gipuzkoan
2016-02-07
Partekatu - Compartelo
Artigaseko zabortegia
Lemoizko zabortegia orain dela bi urte itxi zuten, baina astelehenetik aurrera (2016/02/08) berriro irekiko dute, Bizkaiko zaborrak bertan bota ahal izateko. Eta hala izango da Artigasko zabortegia handitzeko lanak egiten diren bitartean. Lan hauei esker, Artigasek Bizkaiko zaborrak jaso ahal izango ditu… 2043. urtera arte!
Aizu, baina Bizkaian orain dela hamar urte ez al zuten erraustegi bat eraiki? Eta geroztik Bizkaiko hondakin-politikak ez al du erraustegi horixe oinarri? Orduan, zergatik zabortegiak? Izan ere, EAJk eta PSEk diotenez, Gipuzkoan erraustegia eraiki behar da zabortegi gehiago egin behar ez izateko. Bizkaian, berriz, erraustegia ez ezik zabortegiak ere badituzte; are gehiago, zabortegiak zabaltzen jarraitzen dute. Nolatan?
Bada, EAJk eta PSEk sinestarazi nahi dutenaren kontra, errauskailuak ez duelako inolaz ere zabortegien beharra baztertzen. Are gehiago, errauskailuak sortzen dituen errauts eta zepak arriskutsuak direnez, zabortegi bereziak ere behar dira.
Gipuzkoan, PSEk eta EAJk lau urte pasatu dituzte zabortegiak itxi egin behar direla esaten eta alternatiba guztiak blokeatzen. Orain, berriz, arazo logistikoak dituzte. Zaborra Kantabriara eramaten konponduko dituzte (zaborrak Gipuzkoatik kanpo bidaltzea ez omen da jada eskandalagarria), eta duten botere mediatikoa baliatuko dute behin eta berriz errepikatzeko erraustegiak zabortegien arazoa konponduko duela.
Baina zuk eta biok erreparatu diogu Bizkaian gertatzen denari, eta badakigu erraustegi eta zabortegien arteko dikotomia hori faltsua dela. Izan ere zabortegien beharra gutxitzeko bide bakarrak prebenitzea eta birziklatzea dira. Eta bi alor horietan badakigu PSEren eta EAJren politika atzera egitea dela, modu nabarmenean gainera, erraustegiari jatekoa emateko gutxienezko zabor kopurua behar baitute.