Auzokide agurgarriak, zuei zuzentzen gatzaizkizue sortu berri den Andoaingo Ipar Haizea plataformatik.
Azken bolada honetan Zubietako zaborren errauskailuaren proiektua martxan jarriko duten mehatxua azaleratu da berriz ere. Jakin badakigu errauskailuaren ondorio kaltegarriak (ingurumenean, osasunean…) 5 km-ko perimetroan pairatuko direla bortizki; aipatutako azpiegitura Andoaindik 3 km-tara geldituko litzateke, 5 km-ko perimetroaren barruan, alegia.
Esan bezala, mehatxu larri baten aurrean gaude: Carlos III Osasunaren Institutuak kaleratutako txostenek, adibidez, errauskailuak bezalako azpiegiturek beraiengandik 20 km-tara dauden herrietako biztanleengan ere osasunean kalteak eragiten dituztela baieztatzen dute. Beraz, pisuzko ondorio hauek kezkatzen gaituztelako bildu gara, ondorio horiek denok nozituko ditugu eta.
Gure nahia proiektu honen bultzatzaileei erantzukizuna eskatzea da; irtenbideak bila ditzatela eta eztabaidarako eta negoziaketetarako tokia egon dadila. Honengatik guztiagatik, Andoainen burutuko diren hurrengo ekimenen berri eman nahi dizuegu:
– Erantzukizunaren aldeko giza katea. Otsailaren 20an, 12:00etan Arrate plazan.
– Errauskailuaren aurkako martxa Zubietara. Andoaingo zutabea otsailaren 28an aterako da merkatutik 8:00etan.
– Osasunaren aldeko martxa. Martxoaren 12an, 17:00etan Etxeberrieta plazatik.