Albistea

  • Debagoienan zabortegirik ez!!

    2016-02-13

    debagoiena 2016 otsailaIturria: zabortegiarekin kezkatuta dagoen herritar taldea.

    Gipuzkoako Diputazioa Debagoieneko mankomunitatearekin negoziatzen ari da Arrasate eta Bergara artean hiri hondakinentzako zabortegi bat zabaltzea. Ingurumen diputatuak azaldu duen bezala, Epele da (Azpeitikoa itxi ostean) Gipuzkoako zabor nahasiarentzako zabortegi berria izateko aukera gehien dituen lur eremua.

    Honek esan nahi du Gipuzkoa mailan birziklatzen edo konpostatzen ez diren hondakin gehienak Debagoienan isuriko direla inongo tratamendurik eman gabe. Urtean 100.000 Tona zabor (hondakin nahasi) baino gehiago ekarriko dira gure eskualdera, hemen (Debagoienan) 5.000 Tona errefus, soilik, sortzen ditugun bitartean.

    Badakigu mota honetako zabortegiek arazo asko sortzen dituztela, bai osasunean baita ingurumenean ere: usain txarrak, arratoi eta hegazti sarraskijaleen ugaritzea, kamioien joan-etorria, metanoa, lurraren okuapazio handia, errekak eta akuiferoak kutsatzen dituzten lixibiatuak…

    Horrelako zabortegiak ixteko eta berriak ez zabaltzeko konpromezua hartu zuen Diputazioak eta orain Debagoiena Gipuzkoako zabortegia bihurtu nahi du. Hau onartzen badugu, hurrengoa zer izango da, errauste plantaren eskoriak eta errauts toxikoak ere Debagoienara ekartzea?? Zubieta inguruan errauste planta nahi ez duten bezala, guk ere ez dugu nahi zabortegi toxikorik gure eskualdean, eta alternatiba egon, badago:

    DEBAGOIENEKO EREDUA DA ALTERNATIBA
    Konponbidea ez dago azpiegitura garesti eta kutsakorren eraikuntzan, Debagoieneko eredua da konponbide osasuntsu baten adibide garbiena. Gure eskualdean ondo ari gara, izen handiko erakunde ezberdinek zoriondu gaituzte eta Europa mailan erreferente bihurtu gara %78ko gaikako bilketa lortu dugulako. Baina emaitza hau ez dugu lortu debagoiendarrok ingurumenarekiko begirune handiagoa daukagulako, ez. Emaitza hau lortu dugu herri guztietan nahitaezko gaikako bilketa egiten dugulako (edukiontzi bidez herri batzuetan eta kubo indibidualekin besteeetan) eta gainera datu horiek hobe daitezkeela uste dugu. Gipuzkoa osoan gure birziklapen maila berdina lortuko balitz, gauzak oso bestelakoak izango lirateke eta ez genuke erraustegi eta zabortegi kutsakorren beharrik izango.

    Erabaki honekin, ematen du ondo ari dena (Debagoiena kasu honetan) zigortu nahi dutela (zabortegi kutsakorra inposatuz), eta hori ez da onargarria. Ez dugu nahi arazoaren parte izan, soluziorako giltza baizik. Horregatik gai hau alderdi politikoen arteko hika-mikatik aldendu eta benetako konponbide baten alde lan egitea nahi dugu.

    Debagoiena Gipuzkoako zabortegia bilakatzea nahi ez baduzu eta kudeaketa garbiago eta osasuntsuago baten alde bazaude, etorri Otsailaren 16an, 18:00etan Arrasaten egingo dugun agerraldi publikora.

    Deitzailea: Debagoienan egin nahi duten zabortegi kutsakorrarekin arduratuta dagoen herritar talde bat.