Albistea

  • Zubietara martxa antolatu du otsailaren 28an Errausketaren kontrako Mugimenduak

    2016-02-13
    Partekatu - Compartelo

    errauskailua otsailak 28ko kartela ask“Burua duenak ez du erraustegirik nahi bere herrian, eta bihotza duenak ez du beste inoren herrian nahi” izango da ideia nagusia

    Errausketaren kontrako Mugimenduak martxa antolatu du otsailaren 28an Zubietara, zehatz-mehatz, Foru Aldundiak erraustegia eraiki nahi duen parajeraino bertaraino.

    Martxa hainbat herritatik abiatuko da eta parte-hartzaileak bidean topatzen joango dira. Azkenean, edonondik abiatu direla ere, denek bat egingo dute 12ak aldera, Letabiden, Aldundiak erraustegia eraiki nahi duen lekuan, alegia. Gero elkarrekin jaitsiko dira. 13ak aldera, Zubietako frontoian, martxa burutzeko ekitaldia izango da.

    Momentuz konfirmatuta dauden abiatze-hitzorduak hauexek dira:

    • Andoain, merkatuan, 8etan
    • Zizurkil, plazan, 8etan
    • Hernani, Gudarien plazan, 8.30ean
    • AƱorga Txiki, 9.30ean
    • Lasarte-Oria, Okendon, 10.30ean
    • Zubieta, plazan, 11etan
    • Usurbil, frontoian, 11etan

    Hitzordu edo parte-hartzaileen elkargune nagusiak Lasarte-Oriakoa eta Zubietakoa izango dira.

    Kontrakoa sinestarazi nahi diguten arren, partida ez dago erabakita

    Foru Aldundiak erraustegi-proiektua berpiztu du eta, ondorioz, horren kontrako oposizioa ere aktibatu egin da.

    Joan den urtarrilean, erraustegiaren mehatxuari aurre egiteko hainbat talde eta pertsona bildu ginen Zubietan: talde eskarmentudunak eta sortu berriak; Zubietatik gertu bizi diren pertsonak eta urrutixeago bizi direnak, izan ere, arazo hau Zubietako ingurukoei soilik axola zaiela uste dutenak oso-oso oker daude.

    Talde eta pertsona desberdinak bildu ginen, jakina, baina oinarrizko ideia pare batean, behintzat, guztiz bat gatoz. Lehenengo ideia da erraustegia pertsonen osasunerako zein ingurumenerako arriskutsua dela. Bigarrena, errausketak, sistema garestia izateaz gain (horren adierazle bat baino ez da Hondakin Kontsorzioak tarifak % 20 garestitzeko hartu berri duen erabakia), errotik galarazten duela biziklatze-bidean eta ekonomia zirkularreko bidean aurrera egiteko aukera.

    Baina, oinarrizko bi ideia horietatik aparte, bada batzen gaituen uste sendo bat: elkarrekin arituz gero, erraustegi-proiektua berriro bide bazterrean utz dezakegu, oraingoan behin betiko utzi ere.

    Uste sendo honek berebiziko garrantzia du. Izan ere, Foru Aldundiak behin eta berriro sinestarazi nahi digu alferrik ari garela, “hau” nahitaezkoa dela, atzeraezina; hemendik pixka batera proiektua esleituko duela, geroxeago lanak, eta lau urte barru erraustegia halabeharrez martxan egongo dela, tximiniatik kea dariola. Mezu hauek amore eman dezagula dute helburu. Oso zaila dute, ordea, lehen ere askotan entzun ditugulako, erraustegia Zaldunbordan eraiki nahi izan zutenean, eta gero Landarbason, eta Urnietan, eta Aritzetan… Kasu haietan ere 31 zituztela eta esku zeudela uste zuten. Partida galdu zuten, ordea. Orain orduko lelo bertsuarekin datoz, eta, kasu haietan zer gertatu zen ezagututa, pentsatzen hasita gaude guk amore eman dezagun baino gehiago ez ote duten leloa behin eta berriro errepikatzen beraien buruari adore emateko, “oraingoan bai” sinesteko beharra balute bezala.

    Nolanahi ere, guk badakigu partida ez dela inola ere bukatu, eta elkarrekin jokatzea erabaki dugu. Otsailaren 28ko martxa horren ondorioa baino ez da.

    IMG_0632


    Partekatu - Compartelo