Albistea

  • Zer egiten zuen Ertzaintzak Zubietan

    2016-03-04
    Partekatu - Compartelo

    errauskailua zubieta 2016 otsailaErtzaintzaren hainbat furgonetek babestu zuten igandean Foru Aldundiak erraustegia eraikitzeko erabili nahi duen orubea. Hura ikustean, Zubietako martxako parte-hartzaile batek baino gehiagok, zinez harrituta, zera galdetu zuten: “Zer demontre egiten dute hauek hemen?”. Izan ere “babestu” aditza erabili dugu, baina zer babestu? Han babesteko ezer ez dago eta.

    Are gehiago, Bugatiko sarbidea irekita egon da oraintsu arte, eta hortik igo dira era guztietako autoak tronpoak egitera edo obra-hondakinak legez kanpo botatzera. Alabaina, “kasualitatez”, orain dela aste pare bat, erraustegiaren kontrako martxa dagoeneko iragarrita zegoenean, Bugatiko sarbidea itxi egin zuten. Joan den astean, berriz, hau ere “kasualitatez”, kuadrilla bat orubeko itxituran bertan lanean aritu zen. Oraindik bakarren batek pentsatuko du mesfidatiegiak garela eta martxaren eta hura itxi izanaren arteko lotura zuzen-zuzena dagoela esaterik ez dugula, baina, “kasualitatez”, martxa egin bezperetan, Ertzaintzak antolatzaileei hauxe ohartarazi zien: protesta-eskubidea bazegoela, baina itxitako finka pribatuetan sartu gabe. Foru Aldundiak erraustegia eraikitzeko erabili nahi duen orubeaz ari zen, jakina. Izan ere, orube “pribatua” da, Hondakinen Kontsorzioaren izenean dagoelako, nahiz eta denon artean ordaindu dugun.

    Gauzak horrela, geure buruari zera galdetzen diogu: zertarako probokazio hori?, baten batek amuari helduko ote zion zain zeuden, herritarron guztiz protesta zilegi bat orden publikoko arazo bihurtzeko? Izan ere, garai berriak omen dira, baina batzuek sarri, sarriegi, injustizia bera bezain jarrera eta estrategia zaharrak erabiltzen dituzte. Nolanahi ere, joko zikinegia hondakinak kudeatzeko sistemarik “txukunena” beraiena dela sinestarazi nahi digutenen aldetik.

    Geure buruari zertarako probokazio hori galdetu ondoren, beste galdera bat ere badatorkigu gogora: zergatik?, prepotentzia bere-berezkoa duten ezaugarria delako? Beharbada bai, baina gure ustez bada beste arrazoi bat: deseroso sentitzen hasi dira. Errausketaren kontrako mugimendua orain dela zenbait hilabete berpiztu zenetik, bere mezuak neutralizatzeko estrategiak oinarri garbi bat izan du: haiek kontrolatzen dituzten komunikabideetan (azken batean, komunikabide nagusietan) mugimenduaren ekimenen berri ez ematea, eta kito. Baina azken asteotan izan den ekimen-ugaritasuna, igandeko martxa arrakastatsuarekin biribildu dena, ez dute guztiz isiltzerik izan: erraustegiaren kontrako mezuak herritarren artean zabaltzen ari dira. Horrek ez du esan nahi isiltze-estrategia hori erabiltzen jarraituko ez dutenik, baina bai mugak dituela. Eta muga horiek gaindituko badituzte, nola edo hala plazara atera beharko dutela. Plazan, ordea, ez dira eroso sentitzen, plazan, gutxi-asko, argudioak ere eman behar dituztelako (den-dena ez da eslogan hutsa izango), eta argudio horiek, nahitaez, beste argudio batzuekin kontrastean sartuko direlako. Aipatzen dugun behar deseroso berri horren sintoma izan daiteke Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok astelehenean bertan egin zituen adierazpenak, nahiz eta, antza denez, fundamentuzko bi argudio elkarren segidan ipintzeko zailtasunak izaki, kutxa zaharretik “ezetzaren koordinadorak” eta naftalina-usaineko antzeko topikoei heldu behar izan zien.

    Laburbilduz: urduritzen hasita daude. Eta igandekoa ikusita, uste dugu ez dutela arrazoi falta. Baina inork ez dezala pentsa hau harrokeriaz esaten dugunik. Izan ere, orain tokatzen dena da urratutako ildoan sakontzen jarraitzea. Gauzak horrela, ezin gogoratu gabe utzi martxoaren 12an, 17.00etan, osasunaren aldeko eta erraustegiaren kontrako manifestazio bat abiatuko dela Andoaingo Etxeberrieta plazatik. Asensio eta enparauak ezki-ura kontsumitzera bultzatzen jarraitzeko aukera bikaina.

     


    Partekatu - Compartelo