Julian Zapiain: “Zubietako operazio publiko-pribatuaren finantziazioa engainagarri bat da”
2016-04-01
Partekatu - Compartelo
Iturria: Argia.
[Pello Zubiria Kamino] Julian Zapiain Alonso EHUko irakasleak kritikatu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren bultzadaz GHKk Zubietan orain errauste planta formula publiko-pribatu baten bidez eraikitzeko azaldu duen asmoa. Zapiainek konparatu du artean trompe l’oeil(gaztelaniaztrampantojo) teknikarekin margolariek lortzen dutenarekin; alegia, horma arrunt, itsusi eta lau bat bilakatzea bolumena daukan irudi bat, ondoko horma gezurti xarmagarriak erakusten duena bezala.
Gaztelaniaz zabaldu duen “Financiación ‘en diferido’. Trampantojo sistémico” artikulua laburbildurik, GFAk aipatu duen ‘Public-Private Partnerships’ formulak hasteko ezkutatzen du erraustegiak espero ez dituen irabaziak lortuko ez balitu nork bermatuko duen falta dena: erakunde publikoek jarri beharko dutela. Horrelako operazioetan parte hartzen duten konpainiek -Espainiako estatuan bederen- segurutik jokatzen dute, Bizkaian Artxandako tunelek egindako zuloan erakutsi den bezala.
Berme hori dela eta, eraikitzaileak, azpiegituren kudeatzaileak, lege aholkulariak, ingeniaritzak eta inbertsiogileak, denak daude interesaturik obrak ahalik eta aurrekontu handiena izan dezan eta kontzesioak ahalik eta epe luzeena.
Beste aldetik, inbertsio handi horiek baldintzatzen dituzte hondakinentzako bestelako alternatibak: beroa sor dezaketen hondakin guztiak eta gehiago behar dituzte erraustegien energiazko efizientzia lortzeko, errefusa bakarrik erreta lortuko ez luketena, horregatik kiskali behar dituzte kartoia, oihalak, plastikoak, olioa, pneumatikoak…
Markel Olano diputatu nagusia eta Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatua Gipuzkoako hondakinentzako eredu berria aurkezten. (Argazkia: GFA)
Horrelako operazioetarako erakunde publikoek emandako bermeak pasibo handiak dira baina pasibo ezkutuak, gaur inon kontabilizatzen ez direnak baina
etorkizun luzean (35 urte aipatzen dira) baliabide publikoak hipotekatzen dituztenak.
Konpainia pribatuek finantziazioa lortzeko jartzen dituzten baldintzetan datza beste perbertsio bat. Administrazio Publikoa da inbertsiogile pribatuak lortu beharreko kredituen bermatzaile eta honek ez du operazioa garestitu baizik egiten, finantza publikoen iraunkortasunak dauzkan ezegorkortasun arazoengatik.
Horregatik, operazioaren sustraian dagoen pribatizazio gogoak sortzen ditu “adiskidetasun” arriskutsuak ordezkari publikoen eta konpainia pribatuen artean, sustatzen du arriskurik hartu ez eta lanposturik sortzen ez duen kapitalismo rentista bat, erremediorik gabe ustelkeria dakarrena.
Zapiainek iradoki du Zubietakoa bezalako publiko-pribatu ereduek euskarri legal bakarra daukatela Espainiako estatuan, RDL 3/2011 errege dekretuaren 11. artikulua, bere definizio faltagatik aditzera ematen duena kontrol tresnarik gabe aritzeko borondatea.
Hala ere, aipatu legeari heltzeak behartzen duenez GFA agiri batean erakustera zergatik ezin duen erakundeak berak bere gain hartu pribatizatu nahi den zerbitzua, Zapiainek eskatu die Markel Olano diputatu nagusiari eta Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuari erakutsi dezatela agiri hori.
Amaitzeko, irakasleak eskatzen du operazioa analiza dadila aukera-kostuaren ikuspegitik, zergatik alboratu behar dituen dituen Gipuzkoako gizarteak bestelako aukerak, bere gain oso-osorik hartzeko erauste plantaren arriskuak, ekonomikoak eta bestelakoak.
Gaur ATTAC mugimenduko militantea eta ELAko kidea den Zapiain irakasleak 2011an Oñati Zero Zabor taldeak egindako “Errausketari ateak ixten” bideorako azaldu zuen legealdi bukaera hartan agintariek Zubietako erraustegiaren finantziazioaren aitzakiaz kontratatu zituzten Swap toxikoak, oraindik ere Gipuzkoako gizarteak hilero ordaintzen dituenak.