Pasaiako badiako saneamenduaren (eta birgaitzearen) etengabeko atzerapena salatu du Eguzkik
2016-04-23
Partekatu - Compartelo
Pasaiako badiako saneamendua gero eta gehiago atzeratzen ari dela salatu nahi du Eguzki erakunde ekologista eta antinuklearrak, Pasaialdeko birgaitzearen osagai garrantzitsu bat oztopatuz.
Plan Hidrologiko berriak Pasai Donibaneko saneamenduan lau milioi euro inbertitzea aurreikusten du 2016. eta 2021. urte bitartean. Baina oraindik ez dago lanak hasteko datarik, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak ez duelako mahai gainean jartzen jarri behar duen inbertsioaren %75a.
Kontuan izan, 2007an, erakundeek 2011 bitartean Gipuzkoako hainbat lan hidrauliko aurrera eramateko hitzarmen bat sinatu zutela, eta Donibaneko saneamendua lan horietako bat zela. Orduan erabaki zuten %75 Eusko Jaurlaritzak ordainduko zuela URA Agentziaren bidez, eta gainerako %25a Añarbeko Mankomunitateak. Orduan ere esan zuten lanak 2008an egingo zirela, gero 2009an… eta gaur arte. Eta gaur, Plan Hidrologiko berriaren bidez, erakundeek beraien buruari 2021era arteko luzapena eman diote. Bitartean, Pasai Donibaneko ur zikinek zuzen-zuzenean badiara isurtzen jarraituko dute XXI. mendean. Iztietan kolektorerik ez… 2027ra arte!
Donibanekoa, Pasaiako barruti oso bati dagokion neurrian, badian egin gabe dauden saneamendu-proiektuetatik adierazgarriena eta beharrezkoena izan daiteke, baina ez da bakarra, ezta hurrik eman ere. Horra beste adibide bat: Iztietakoa, Oreretan. Iztietako ur zikinak biltzeko kolektore berria ere aurreikusita zegoen 2007. eta 2011. urte bitarteko epean erakundeek egitea aurreikusi zituzten proiektuen artean. Ez da egin, ordea, eta, horren ondorioz, Plan Hidrologiko berriak horren beharra dagoela aitortu du. Bi milioi euroko inbertsioa aurreikusten du… 2022-2027 epean! Glamour gutxiko proiektuak, baina ezinbestekoak
Pasaiako badian ez ezik Euskal Herri osoan ere saneamendu-proiektu asko egiteko dago. Plan Hidrologiko berrian errepikatzen den ideia bat hauxe da: egiteko dauden proiektuak egiten joango dira aurrekontu publikoek ahalbidetzen duten neurrian. Baina erakundeek, bereziki Eusko Jaurlaritzak, saneamendu-proiektuetara behar beste diru bideratzen ez badute, beste lehentasun batzuk dituztelako izango da, beharbada proiektu “estrategikoagoak”, AHT barne. Saneamendu-proiektuak oinarri-oinarrizkoak bai, baina ez omen dira “estrategikoak”, eta ulertzen dugu politikoentzat ia edozer saneamendua baino glamorurosoagoa izatea. Alabaina, guk, Bertolt Brechten urak gure errotara ekarriz, badakigu proiektu txarrak, txarragoak eta zitalak dauden bezala, proiektu onak, hobeak eta bikainak ere badaudela. Eta gero daude ezinbestekoak: horietakoak dira saneamenduarekin zerikusirik dutenak. 2016.04.15 Oarsoaldeko EGUZKI talde ekologista eta antinuklearra