Eguzki: “Jaurlaritzak arauak saihestuta eman du erraustegirako baimena”
2016-05-30
Partekatu - Compartelo
Eguzkik gora jotzeko helegitea aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoako erraustegia eraikitzeko eman duen Ingurumen Baimen Bateratuaren kontra.
Jaurlaritzak prozeduran arauak behin baino gehiagotan saihestu dituela argudiatzen dugu:
· Baimenaren tramitazioa orain dela urtebete iraungi zen, eta legez kanpo luzatu da.
· Gainera, luzapena ezkutuan egin da, informazio-eskubidea, parte hartzeko eskubidea eta ingurumen alorreko justizia-eskubidea urratuz.
· Baimen Bateratua bera da Jaurlaritzak gai honekin erabili duen ezkutakeriaren adibide garbia; izan ere, ez da inongo buletin ofizialean argitaratu. Erraustegia ezarri nahi den parajetik gertuen dauden udalei ere ez zaie komunikatu. Garbi dago zein izan den helburua: interesatuek helegitea aurkezteko aukera zapuztea, eta ez da begi-bistatik galdu behar, ingurumenari dagokionez, denok garela interesatu.
Gure ustez, erraustegia eraiki nahi dutenek presa handia dute eta, horregatik, legea urratzeko eskrupulu handirik ez dira izaten ari. Badakite gai hau epaitegietan bukatuko dela, baina, alde batetik, horrelako auzi batek daukan kostu handiak erraustegiaren kontrakoak amore ematera eramango dituela espero dute. Bestetik, egunen batean epaile batek erraustegiaren kontrako erabaki bat hartuko balu, lanak oso aurreratuta egotea espero dute, erraustegia atzeraezin bihurtzeko. Erraustegia de facto inposatu nahi dute, alegia. Garbi dago fede txarrez jokatzen ari direla, parte-hartzeaz eta gobernantza onaz hitz egiten dutenean itxura baino ez direla egiten ari agerian utziz.
· Erraustegia kaltegarria da pertsonen osasunerako zein ingurumenerako.
· Oztopatzen du aurrera egitea birziklatze eta ekonomia zirkularreko bidean.
· Gaur egungo zein biharko gipuzkoarren poltsikoei sekulako erasoa da (1.200 milioi euro hurrengo 35 urteetan!).
Laster izango dugu bidegabekeria honekin ados ez gaudela esateko aukera berri bat. Parte hartu maiatzaren 29an Onkologiko eta Diputazioa lotuko dituen giza-katean.