“Familia eta gizarte hesia” osatzera deitu du GuraSOS taldeak
2016-06-16
Partekatu - Compartelo
Dozenaka norbanakok bat egin dute igandeko deialdiarekin. Ekinbide juridiko bat abiatuko dute, «benetako» parte hartzea sustatzeko.
Haurren babeserako «familia eta gizarte hesia» osatzera deitu du GuraSOS taldeak iganderako: Donostian izango da, 12:00etan. Taldearen logoa baliatuta, hesia osatu nahi dute Antiguako tuneletik hasita Alderdi Ederreraino, atzo jakinarazi zutenez. Erraustegiari buruzko parte-hartze prozesua «osoa eta benetakoa» izan dadin, ekinbide juridiko bat martxan jarriko dute, gainera.
Zubietako erraustegiarekin kezkatuta dago GuraSOS, azpiegiturak euren seme-alabengan izango duen eraginagatik. Gizarteko «aurpegi ezagun askoren babesa» jaso du mobilizazioak: 80tik gora dira atxikimenduak, eta tartean dira idazleak, kazetariak, margolariak, aktoreak, musikariak, kirolariak eta abar.
Mobilizazioarekin mezu bat bidali nahi diete agintariei, gizartearen eta familien bidez: «Interes ekonomiko eta politikoen gainetik euren seme-alaben osasuna lehenets eta erakuts dezaten nahi dugu. Gutxieneko arriskua egoteak prebentzio eta babes printzipioak aplikatzea eskatzen du». Parte hartuko dutenei modu zehatz batean janzteko eskatu diete: helduak eta seme-alaba zaharrenak, beltzez, eta gazteenak, zuriz eta zapi gorri batekin.
GuraSOS elkarte bihurtu dute, «erraustegia eraikitzearen inguruko eztabaidari eta errausteari adostutako irtenbide bat ematea sustatzeko, ingurumenarekin eta osasunarekin adeitsua dena». Hiritar Erakundeen Foru Erregistroan izena emango duela azaldu dute, eta parte-hartze prozesua «’erraustegia eraiki ala ez’ galderari zabaltzea» bideratzeko ekinbide juridikoa abiatuko duela. GuraSOSek salatu du aldundiak iragarritako parte-hartze prozesuan ez dela aurreikusten azpiegiturari buruz eztabaidatzea: «Ez dio erantzuten Gipuzkoako gizarteak eskatzen duenari».