Martxa arrakastatsu eta argigarria Belartzan barrena
2016-06-19
Partekatu - Compartelo
Martxa-bukaera, legez kanpo egin dituzten betelanetan.
Arrakastatsua eta oso argigarria izan da gaur Eguzkik Belartzan barrena antolatu duen martxa. Jesus Mari Alquezar mendizale ezagunaren eta bertako bizilagunen eskutik, parte-hartzaileek bertatik bertara ezagutu ahal izan dituzte Mercadona/McDonald’sen obrek eta industriagune-proiektu batek mehatxatzen duten Añorgako paraje honen balio natural ukaezinak.
Mercadonako obren aitzakian, betelanak eta pistak egin dituzte industriagune berria eraiki nahi duten lekuan. Nolabait esateko, harri batekin bi txori bota nahi izan dituzte. Dena baimenik gabe eta Donostiako Udalaren konplizitate harrigarriarekin. Izan ere, Hirigintza zinegotziak eta alkateak berak behin eta berriz ukatu dute legez kanpo ari zirela, harik eta legez kanpo ari zirela hain begi-bistan geratu den, ezen obrak gerarazteko beste irtenbiderik izan ez duten arte. Hori bai, obrak pare bat astez gelditu, justu “papeleoa” egiteko, eta ostiralean berriro hasi ziren.
Bizilagunok eta ekologistok ez dugu amore emango. Paraje honen balio naturalak defendatzen, legez kanpoko jarduerak eta Udalaren konplizitatea salatzen jarraituko dugu.