XXI. mendean, Andoainen errauste plantaren aurka onartzen den lehenengo mozioa izan da.
Eguzkitik, emaitza dela eta, pozik baino harrituta gaudela adierazi nahi dugu, izan ere, erraustegiaren aurkako plataforma den Ipar Haizeak, EH Bildu, Irabazi eta Ganemosen babesarekin aurkeztutako erraustegiaren aurkako mozioa onartua izan da. Mozioaren funtsa argia da: Andoaindar eta gipuzkoarren osasunaren eta ingurumenaren aldeko adierazpena, Gipuzkoan errausgailua eraikitzearen aurkakoa eta etxeko hondakinen bilketa gestio eraginkor baten aldekoa.
Bozkak hauek izan dira:
Aldekoak: EH Bildu (6), Ganemos (1), Irabazi (1).
Kontrakoak: PSE (4), PNV (4).
Abstentzioa: Ez atxikitako zinegotzia (1).
Mende honetan, lehenengo aldia da Andoaingo Udaletxean erraustegiaren aurkako mozioa bat onartzen dela, dozena erdi baino gehiago aurkeztu ondoren. Errausgailuaren aurka bozkatu zen azkeneko aldia, 90. hamarkadako hasieran izan zen, Pilar Collantes (PSE) alkate zela.
Gaur bertan PSE taldea desakordioengatik utzi duen atxiki gabeko zinegotziaren abstentziozko bozka garrantzi handikoa izan da, izan ere, taldea uzteko erabakia adierazi duenean, honako hau esan du: “orain askatasun osoz bozkatuko dut”.
Nahiz eta emaitzarekin pozik egon, deigarria iruditzen zaigu PSE eta PNVren jarrera, hemengo medikuen, EOITko (Errausketa eta Osasuna Ikerketa Taldea) medikuen, Fernando Palaciosen (Madrilgo CSICeko ikertzailea) eta beste ikertzaile internazional askoren adierazpenak mespretxatuz.
Mozio alternatiboa
EAJ eta PSE-k bozkatu ez zen mozio alternatiboa aurkeztu zuten, non bost puntutan, oinarrian errauskailua defendatzen duten, aurten bertan Andoaingo birziklapen maila %60ra iritsi dadin onartzen duten eta aurreko legegintzaldiko Aldundiaren (2011-2015, Bildu) hondakinen kudeaketaren jarduera iker dadin eskatzen duten.
Bilketa bereiziari dagokionean, guk bilketa tasa hori, lortu beharreko minimo gisa genuen, baina ez da batere erraza izango, egun 5. Edukiontzia (materia organikoarena) jarri ez denean. Ikerketari dagokionean berriz, errauskailuaren egitasmoak hasi zirenetik gaur egun arte egin behar dela uste dugu, ez aurreko legegintzaldiko jarduerak bakarrik eta argitu bitez, aipatuatko kudeaketa horretaz gain, egitasmoa finantzatzeko 2011an eta orain erabili diren bitartekoak gipuzkoarrontzat mesedegarri ala kaltegarri diren.
Era berean, ezin aipatu gabe utzi, mozioak dionaren aurka, errauskailuak zabortegiaren beharra du eta orain arte irekita genituenak baina askoz arriskutsuagoa gainera, erabat faltsua izanik errausketa edo zabortegia bikoa; eta hondakinen zergaren ordainketaren igoeraren arrazoietako bat, Andoain Gipuzkoan gutxien birziklatzen duen herria( Ingurumen Diputatua den Asensio jaunak esana) izateagatik dela.
Egun, hauteskunde garaian gaudela, oso deigarria iruditzen zaigu PNVren mezua, euskaldunon interesak Madrilen defendatuko dituztela esanez. Zertarako? Kantzerra detektatzen digutenean bizitza eramangarriagoa izateko? Heriotz duin bat izateko?
Ez jauna. PNVko jaun-andreak, “osasuna lehenengo gauza da” esaldi mitikoa ez da garrantzirik gabeko esaldia. Hasi zaitezte hemengo pertsonen osasuna defendatzen, utzi alde batera izugarrizko dirutza kostatuko zaigun erraustegia eta egin dezagun denon artean hondakinen gestio on eta arduratsu bat. Osasunak, ingurumenak eta gure poltsikoek eskertuko dute.