“Erraustegia egitea nahi al duzu?” galdetuko zaie usurbildar eta zubietarrei, iraila amaieran
2016-07-04
Partekatu - Compartelo
Iturria: Noaua.
Erraustegia Erabakia herri plataformak deituta, erraustegiari buruz irailaren 30ean, urriaren 1ean eta 2an Usurbilen eta Zubietan egingo den herri galdeketa antolatzeko lekukoa hartu dute herritarrek, jaietako egun handi honetan egin den agerraldi jendetsuan. Honatx udazkenean egingo den kontsultari begira plazaratu duten adierazpena:
Herri kontsulta zubietar eta usurbildarrentzat
Joan den urtean, Zubieta eta Usurbilgo herritar batzuk Erraustegia Erabakia plataforma aurkeztu genuen jendaurrean. “Erraustegia Erabakia” lelopean bildu ginen eta gure eskaera zuzen eta garbi azaldu genuen: Erraustegia egingo den ala ez, herriak erabaki dezala. Horixe zen gure eskaera.
Gizartean kezka eta eztabaida sortzen duen gaia izanda, herriari hitza eman behar zitzaiola esan genuen orduan eta gauza bera berresten dugu gaurkoan ere: Proiektatuta dagoen erraustegia herritarron diruarekin eta osasunarekin ordaindu behar bada, herritarroi galdetu behar zaigu ea nahi dugun ala ez.
Era honetara, Usurbilen bertan galdeketa egitea proposatu genuen, Udalak antolatutakoa eta berme guztiak izango zituen galdeketa, hain zuzen ere. Eskaera hori egiteko sinadura bilketa abiatu genuen eta urtarrilaren 20an 1.185 sinadura aurkeztu genizkion Usurbilgo Udalari. 1.185 sinadura, 1.185 arrazoi sendoak gure etorkizuna bozkatua izan dadila eskatuz.
Usurbilgo Udalak eskaera hori jaso eta otsailaren 23ko osoko bilkuran, gehiengo osoz, Udalak kontsultarekin aurrera egiteko erabakia hartu zuen, “Usurbilgo hondakinak tratatzeko erraustea egoki iruditzen al zaizu?” galdera zehaztu eta, legeak dioenari jarraituz, erreferenduma antolatzeko eskaera egin zion Espainiako Gobernuari. Erabakia maiatzaren 13ko Ministroen Kontseiluak hartu zuen: Galdeketa debekatzea zen.
Erraustegia proiektatu duten erakunde publikoek ez dute jakin nahi izan zein den herri honen iritzia erraustegiaren inguruan; are gehiago, herritarron hitza plazaratzeko urratsak eman nahi izan ditugunean, legezko galdeketa eskatuz, ukatu egin zaigu aukera hori.
Herritarroi zor zaigun kontsulta hori debekatzerakoan, gainera, azpimarratu nahi dugu hutsala ez den elementu bat: Espainiako Gobernuak, erabakia hartu aurretik, lau txosten eskatu zituen erakunde desberdinei: Herri Administrazioko Harremanetarako Zuzendaritzari, Espainiako Nekazaritza eta Ingurumeneko Ministeritzari, Euskal Autonomi Erkidegoan Espainiako Gobernuak duen Delegaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari. Lau erakunde hauetatik lehenengo biak ikusi ez zituzten oztopoak antzeman dituzte azken biak; hau da, Espainiako Gobernuak Gipuzkoan duen Delegaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eman dituzte kontsulta egitearen kontrako iritziak, gaia ez dela udal esparrukoa argudiatuz.
Honen harira, gipuzkoarrak garen heinean, bigarren mailako herritarrak ez garela esan nahi diegu Gipuzkoako ordezkariei; azkenaldi honetan inguruko beste herrietan hondakinen bilketari buruzko galdeketak bultzatu diren bezalaxe, zubietar eta usurbildarron hitzari ere errespetua zor zaiola uste dugulako. Are gehiago oraindik, eraiki nahi den proiektuak kezka handiak eta larritasun maila altua sortzen duen azpiegitura bat denean.
Kontsultari ezetza jaso ondoren, Udalak herritarrei itzuli zion galdeketa egiteko eskumena eta guk, Erraustegia Erabakia plataformak, galdeketa aurrera eramatea erabaki dugu.
Zilegitasun osoa dugu horretarako; herritarrak gara, herri honetan bizi nahi dugu eta gure bizitzari eta gure bizimoduari eragingo dion proiektuaren aurrean zer esana badugula aldarrikatu nahi dugu.
Izan ere, eta beste kontsiderazioetatik at, denok baitakigu erraustegi bat ez dela gaur eraiki eta bihar desagerrarazi daitekeen zerbait. Hala ere, gure herrian, gure etxean, inolako oniritzirik edo baimenik gabe sartu nahi digute.
Gure etorkizunari buruzko erabakia hartzea guri dagokigula uste dugu. Eta hau horrela izan dadin “Erraustegia Erabakia” plataformak antolatuta Usurbilen eta Zubietan herri kontsulta egingo du hiru egunetan zehar: irailaren 30a eta urriaren 1a eta 2an. Bozketan 16 urtetik gorako herritar guztiak parte hartu ahal izango dute.
Legearen bidetik urratsak eman nahi eta ezezko borobila jaso denean, benetako zilegitasunak legezkoa izateak baino indar gehiago hartzen du. Eta zilegitasun osoko kontsulta eta emaitza izango da bozketa honetatik aterako dena.
Galdera bakarra izango da egingo duguna. Eta galderari baietz edo ezetz erantzun beharko zaio. Xinple eta gardena, prozesu osoa izango den bezala: «Erraustegia egitea nahi al duzu?» izango da erantzun beharreko galdera.
Oraindik usurbildar eta zubietarroi inork egin ez digun galdera, hain zuzen ere.