Albistea

  • Fiskalak epailearen aurrean salatu ditu Foru Aldundiak Jaizkibelgo habitat babestuetan eta monumentu megalitikoetan eginiko kalteak

    2016-07-08
    Partekatu - Compartelo

    Istulingo trikuharrian, lurra harrotuta.

    Istulingo trikuharrian, lurra harrotuta.

    Gipuzkoako Ingurumen-fiskalak Irungo goardiako epailearen aurrean salatu ditu Foru Aldundiak joan den udazkenean Jaizkibelen eginiko lanak. Izan ere, “sastraka garbitzeko” aitzakian, habitat babestuetan zein monumentu megalitikoetan kalte larriak eragin zituen. Eguzkik eskatutako ikerketa-diligentziak burutu ondoren egin du salaketa fiskalak, uste baitu ingurumenaren kontrako delitu bat eta ondare historikoaren kontrako beste bat egon daitezkeela, talde ekologistak bere momentuan iradoki bezala.

    Joan den udazkenean, Foru Aldundiak “sastraka” kentzeko makinaria astura erabili zuen Jaizkibelen, Hondarribiko partean. Horren ondorioz, inguru hartako txilardiak ia ezerezean geratu ziren. Txilardiok Europako Direktibak zein Eusko Jaurlaritzak berak babestuta daude. Foru Aldundiak “garbitu” aurretik oso egoera onean zeuden eta, lurraren higadurari aurre egiteaz gain, babesa eta elikagaiak eskaintzen zizkieten hainbat animalia-espezieri.

    Istulingo trikuharriaren harrietako bat zanpa-zanpa eginda.

    Istulingo trikuharriaren harrietako bat zanpa-zanpa eginda.

    Baina, arestian esan bezala, habitat babestuetan ez ezik, Foru Aldudiaren “garbiketak” Jaizkibelgo Estazio Megalitikoan ere kalte larriak eragin zituen, zehatz-mehatz, Jaizkibel II harrespilean eta Iskulingo eta Atxinarreko trikuharrietan. Makinaria astunak horien gainetik pasa eta hainbat testigu eta harri puskatu zituen. Honek argiro erakusten du zein puntutaraino “garbiketa” hura batere tenturik gabe egin zuten.

    Gertaera larriak dira, baina are larriagoak kontutan hartuta Foru Aldundiak egin dituela, eta, hain justu, Foru Aldundia dela Jaizkibel behar bezala zaintzeko ardura nagusia duen erakundea. Ez baita begi-bistatik galdu behar Jaizkibel garrantzi handiko naturgunea dela, Natura 2000 Europako Sarean Babes Bereziko Eremu gisa katalogatuta dagoela eta dagokion Kudeaketa Plana 2013tik onartuta dagoela.

    Atxinarreko trikuharriaren seinalea puskatuta.

    Atxinarreko trikuharriaren seinalea puskatuta.

    Eguzkik ondo asko daki kasu honek epaitegian aurrera egitea oso zaila izango dela, baina ez litzateke gustura geratuko bere esku dagoen guztia egingo ez balu gertaera hauek zigorrik gabe gera ez daitezen. Izan ere, gertaera benetan larriak dira, nahiz eta bere momentuan salaketak ia ez zuen komunikabideetan oihartzunik lortu.


    Partekatu - Compartelo