Albistea

  • EOITko medikuek errausketaren aurkako jarrera berretsi dute.

    2016-07-16
    Partekatu - Compartelo

    datauri-file

    Hainbat komunikabideren jarreraz kexu agertu dira, erantzuteko eskubidea ere ukatu dietelako.

     Osasuna eta Errauskailua Ikerketa Taldea (OEIT) 2004an hasi zen hondakinen errausketari buruzko azterketa zientifiko zorrotzenak aztertzen, ikuspegi profesional hutsetik, ideologia politikoetatik at. Zubietako errauskailuaren proiektua berriz ere martxan jarriko zela iragarri zenean OEIT berriro jendaurrera atera zen. Orduz geroztik

    gure azterketen emaitzak gipuzkoarrei aurkezten aritu gara. Gaurkoan, zuengana jotzen
    dugu oso kezkatua gaudelako errausketa eta osasunaren inguruan entzun eta ikusi
    ditugun zenbait kontu eta jarrerekin.
    Orain dela egun batzuk, Gipuzkoako Batzar Nagusietan agerraldia egin zuten Juan
    José Aurrekoetxeak, EHUko prebentzio-medikuntzako irakaslea, eta Jesús María
    Ibarluzeak, BioDonostia-ko Ingurumeneko Epidemiologia eta Haur-garapeneko sailaren
    arduraduna eta Osasun Publikoan doktorea. Bertan, errausketa eta osasunaren arteko
    harremanaz aritu ziren eta erraustegien inguruan dioxinak kontrolpean egoten direla
    defendatu zuten. Bi ikerlarien agerraldi hauek prentsan luze eta zabal jorratuak izan ziren,
    besteak beste, Diario Vasco eta Noticias de Gipuzkoa egunkarietan.
    Aldiz, guk, OEIT, Gipuzkoako Batzar Nagusietan parte hartu genuenean, pasa den
    maiatzaren 23an, salbuespenak salbuespen, inork ez zuen gure agerraldiaren berririk
    eman. Honek egun dagoen kazetaritza motari buruz gogoeta egitera eraman gaitu. Argi
    dago gaur egun informazioa ematea ez dela helburua, baizik eta herritarrak
    adoktrinatzea. Izan ere, arestian aipatutako komunikabideetan gure agerraldiari
    eskainitako tartea hutsaren hurrengoa izan zen.
    Are gehiago, bi komunikabide horietan agertutako zenbait publikazioetan gure
    taldeari iraindu egin zaio ikerketa zientifikoen berri eman izanagatik. Eta hala eta guztiz
    ere, ez digute erreplikarako aukerarik ere eman. Gure taldeari ematen dioten trataera
    informatiboaren ondorioz, informatzeko garaian iturri desberdinetatik iritzi desberdinak
    jasotzeko eskubidea urratzen da, erreplikarako eskubidea urratzen da, herritarrei
    informazioa ezkutatzen zaie, emandako informazioak ez dira kontrastatzen… Jokabide
    hau ez dela bidezkoa iruditzen zaigu.
    Aurrekoetxea eta Ibarluzeak esandakoari helduz, medikuak garen heinean gure
    betebeharra eta ardura da zenbait puntualizazio, ekarpen eta zuzenketa Gipuzkoako
    jendarteari, zuei, helaraztea:
    Lehendabizi, dioxinen inguruan egindako ikerketak aipatzen zituzten, erraustegien
    inguruan dioxinak ez direla biderkatzen ondorioztatuz. OEIT-tik erraustegien inguruan
    dioxina mota batzuk gehiago edo gutxiago agertzea ez dela esanguratsuena uste dugu.
    Inportanteena da erraustegien inguruan osasun arazo larriak sortzen direla. Zehazki,
    heriotza tasa handiagoa da eta gaixotasun larriak areagotu egiten dira erraustegien
    inguruan. Ikerketa asko daude joera hau baieztatzen dutenak. Izan dioxinagatik edo
    zaborra erretzerakoan sortzen diren beste partikula edo konposatu kimikoengatik
    -ezagun edo ezezagunak-, erraustegien inguruan minbizia izateko arriskua areagotu
    egiten da. Hori da errealitatea.
    Aurrekoetxea eta Ibarluzeak aipatutako ikerketetan dioxina kopurua ez dela
    areagotzen baieztatu arren, ikerketa horiek ezin dute ziurtatu minbizia izateko arriskurik
    ez dagoela. Zeren eta dioxinak ez dira minbizia sortzen duten elementu bakarrak.
    Minbizia eragin dezakete metal astunek, NO2-k, SO2-k, CO2-k, hidrokarburo aromatiko
    poliziklikoek, material partikulatuak, furanoek, zepek, errautsek… Eta Artsenikoak
    (Bilboko erraustegiak berak onartzen duen bezala, Artsenikoa kontrolik gabe pilatzen ari
    da errauste plantaren inguruko lurretan).
    Gainera, Aurrekoetxeak berak onartzen du “baliozko emaitzak” ikusteko “bi edo hiru
    urte” itxaron behar direla, minbizia eta edozein sustantziaren arteko harremana
    baieztatzeko “gutxienez 10 urte” behar direlako. Hau da, Aurrekoetxeak berak onartzen
    du oraindik ez dakigula erraustegiak ze eragina izango duen inguruan bizi diren
    pertsonengan.
    Beste aldetik, Aurrekoetxea eta Ibarluzearen beste argudio nagusia da “erraustegia
    ez dela izango Gipuzkoan gehien kutsatuko duen planta”. Honen aurrean, jendea lasaitu
    baino ikaratu egiten dela uste dugu. Izan ere, Ingurumenaren kutsadura XXI. Mendeko
    arazorik larrienetarikoa da. Eta Ibarluzeak eta Aurrekoetxeak esaten ez dutena da
    toxikoak bio-metagarriak direla, hau da, zenbat eta esposizio handiagoa, hiltzeko eta
    gaixotzeko arriskua are eta handiagoa. Bada, Gipuzkoan dagoeneko dagoen kutsadurari
    zergatik gehitu beste toxiko-iturri erraldoi bat? Toxiko-iturriak gutxitzea eta ez gehitzea
    izan beharko litzateke erakundeen joera. Europako Parlamentua norabide horretan ari da
    aurrera urratsak ematen eta, horregatik, 2020rako birziklatu eta berrerabili daitekeena ez
    errausteko jarrera hartua du.
    Erraustegiak eta minbizia lotzen duten ikerketen artean, bakarrik Carlos III Osasun
    Institutuak 2012an argiratutako ikerketa aipatu zuten. Ikerketa honi garrantzia kendu
    nahi izan zioten, erraustegi “zaharrei” buruzko dela esanez. Baina orduan, zergatik ez
    dute aipatzen erraustegi “modernoen” inguruan egindako beste ikerketarik? Nazioartean
    egindako hainbat azterketetatik eratorritako ebidentzia zientifikoek errauskailuek
    osasunean duten eragina zein den oso argi uzten dute. Besteak beste: Heriotza tasa
    orokorra %13 hazi daiteke errauskailu batetik gertu bizi diren guneetan, minbizia kasuek
    %3,5 egiten dute gora, Gibeleko minbizia kasuak %29 hazi dira eta biriketakoak %14, eta
    bar luze bat. Ez dugu guk esaten, Ashworth, Elliott, Porta, Ranzi, Ancona, Viel, Warnerrek
    eta beste askok esaten dute.
    Era berean, Carlos III.arena behaketazko metodologiaren bidez egindakoa dela
    kritikatzen dute. Ez dute esaten, aldiz, horrela egin behar dela ezinbestean. Ez litzateke
    etikoa izango pertsonak toxikoen isurketaren eraginpean nahita jartzea, ea iturri horrek
    ze ondorioak dituen ikusteko. Horregatik, Ingurumeneko epidemiologian baitan, ikerketa
    ekologikoak erabiltzen dira (Walter, 1991).
    Beste aldetik, Aurrekoetxea eta Ibarluzea dikotomia faltsu bat planteatzen saiatu
    ziren: ea erraustegiak ala zabortegiak nahi ditugun erabaki behar dugula. Baino hori ez da
    zuzena, erraustegiek ere bere zabortegi propioak behar dituztelako, bata zepentzat eta
    beste bat errautsentzat. Errautsak oso toxikoak dira eta gordetzeko segurtasunzabortegiak
    behar dituzte. Zepak hondakinak erre eta gero sortzen diren hondakinak dira
    eta, zabortegi kontrolatu batean bota baino lehenago, tratatuak izan behar dute.
    Erraustegian sartzen den Tona bakoitzeko laurden bat zabortegian isuriko da. Eta honi
    erraustegiek tximinietatik botatzen dutena gehitu behar zaio. Adibidez, Zabalgarbik
    2014an 235.000T CO2 isuri zituen.
    Azkenik, bi ikerlariek azpimarratu zuten ez dagoela giza jarduerarik “arrisku 0”
    duenik. Ados gaude, hori horrela da. Baina ziur gaude hau izan zela Ibarluzeak eta
    Aurrekoetxeak erabili zuten bidea onartzeko erraustegi modernoenek ere sortzen
    dituzten keak, errautsak eta zepak oso arriskutsuak direla.
    Hauek horrela, OEIT-tik behin eta berriz adierazten ari gara zuhurtasun-printzipioa
    ezarri behar dela. Are gehiago kontuan hartzen badugu Zubieta inguruan 270.000 lagun
    bizi direla, batez ere Donostian. Eztabaida sustatu behar da eta denon artean erabaki
    dauden aukeren artean. Eta alternatiba osasungarriagoak egon badaude. Bitartean,
    zuhurtasun-printzipioa aplika dezagun.
    Donostia 2016 07 04


    Partekatu - Compartelo