Albistea

  • Mijoan ur saneamendua nahi dugu orain!

    2016-09-24
    Partekatu - Compartelo

    dsc_0826[1]Mutrikuko Udalean mozioa sartu dugu. Mozio horretan Mutrikuko udalari eskatzen diogu Jaurlaritzari presioa egiteko Mijoan ur saneamentua egiteko.

    Hauxe da mozioa:

    EGUZKI TALDE EKOLOGISTAREN MOZIOA

    Urte asko daramatzagu Mijoa errekaren egoera txarra salatzen, eta oso haserre eta nekatuta gaude. Erreka horren egoera gero eta txarragoa dela iruditzen zaigu. Eta instituzioek ez dute arazoa konpontzeko ezer egiten.

    Edozelako isurketak gertatzen dira erreka horretan. Batzuk nahi barik, eta beste asko nahita. Ondorioz, erreka horretako ekosistema ezin da biziberritu. Bertan bizi diren animaliak gehitzen hasten direnean, isurketa bat gertatzen da eta dena hiltzen du. Eta berriro hasieratik hasi behar.

    Baina isurketa horiek ez dituzte errekako animaliak kaltetzen bakarrik. Errekako kiratsak eta usain txarrak San Jeronimo, Pikupe eta Saturrarango bizilagunak ere kaltzetzen ditu. Kalte ekonomikoak ere eragiten ditu kanpinean eta txiringitoetan.

    Mijoa ur zikinak botatzeko estolderia bihurtu da, eta Saturrarango eta Ondarroako hondartzetako urak ere kaltetzen ditu.

    Mijoa erreka Bisoi europarraren babeserako Plan Berezian sartuta dago. Kontraesana da bisoia babestea eta gero bizitzeko behar duen jatekoa kentzea eta kutsatzea.

    Instituzio desberdinek 2007-2011 urteetarako Gipuzkoan azpiegitura hidraulikoak eraikitzeko egin zuten akordioak 3 milioi euro aurreikusi zituen Mijoan hobekuntzak egiteko. Orduan, zergatik atzeratzen da behin eta berriro Mijoako saneamenduaren obra?

    2016an gaude eta saneamentua oraindik ez da egin. Urtarrilean onartutako 2016-2021 urteetarako plan hidrologiko berriak Mijoako saneamendua egitea aurreikusi du berriro. Oraingoan 3,6 milioiko aurrekontuarekin. Baina obrak hasteko datarik ez dute ipini. Zergatik? Errekurtso ekonomiko gehien ipini behar duenak (Eusko Jaurlaritzak) oraindik ez duelako dirurik ipini.
    Esango digute dirurik ez dela ipini krisiagatik, baina guk uste dugu dirurik ez dela ipini gobernuak beste prioridade batzuk dituelako. Azpiegitura hidraulikoak egin behar dituen departamentuak bere aurrekontuaren %72a abiadura handiko trena eraikitzera bideratu du, Madrilek oraindik ordaindu ez duen zatia ordaintzeko. Eta noski, besteen zorrak ordaintzen ibilita, Jaurlaritzak ez dauka dirurik Mijoan saneamendurik egiteko.

    Egoera hau ikusita, zera eskatzen diogu Mutrikuko Udalari:

    –    Eusko Jaurlaritzari exijitzea Mijoa errekan egin behar diren saneamendu lanak 2017ko aurrekontuan sartu eta martxan jartzea, irtenbide oso edo integral bat emanez. 2017ko udarako erreka garbi eta bizi bat eduki nahi dugulako.
    –    Erabaki hau Eusko Jaurlaritzari eta bereziki Ingurumen eta Lurralde Antolaketa Sailari, URAri (Uraren Euskal Agentzia), Gipuzkoako Ur Kontsortzioari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari jakinaraztea.

    Partekatu - Compartelo