Albistea

  • Txingudi 2019, helburuak eta betebeharrak betetzeke

    2016-09-29
    Partekatu - Compartelo

    Plaiaundi 3

    Argazkian argi ikusten da, Babestutako natura-gunearekiko kirol-instalazioen bateraezintasuna.

    2019ko uztaila ez da edozein data, izan ere, orduan iraungitzen baita Europako Natura 2000 sare ekologikoan integratuta dagoen ingurune honek (Bidasoa-Txingudi ZEC eta ZEPA) ekologia mantentze egoera ona lortzeko epea. Horretarako, 2013ko uztailean Eusko Jaurlaritzak onartutako neurriak burutu behar dira, ahaztu gabe Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokiola neurri horiek gauzatzea.

    Aipatu neurrien artean, aipamen berezia merezi dute hurrengo eremuetako habitaten lehengoratzearekin zerikusia dutenak:

    – Alunda eta Lastaolako ibaiertzak.

    – Bidasoako Irlak (bereziki Iru Kanale eta Santiago Aurrerako zati bat).

    – Plaiaundi Institutuko atzealdea.

    – Oxinbiribileko ibaiertza.

    – Azken Portuko ibaiertza.

    – Plaiundiko kirol instalazioek betetako alderdia.

    Azken hau, kirol instalazioena hain zuzen ere, denboran geldituta dago ordezko kirol instalazio berri batzuen eraikuntza eskatzen duelako. Utzikeriagatik edo ezintasunagatik, instalazioen jabea den Irungo Udalak jarraitzen du 1994 urtean instalazioak lekuz aldatzeko hartu zuen konpromisoa bete gabe. Horrek galarazi du alderdi baliotsu horren lehengoratze ekologikoa eta iraunarazi ditu kirol instalazioen erabilerak babestutako espeziengan eta habitatengan suposatzen dituen eragin kaltegarriak.

    Instalazio berrien kokapenerako Irungo udal gobernuak bultzatzen duen aukera (Zubieta) korapilatsuena eta bidera ezinena da inongo zalantzarik gabe. Instalazio berriak Hondarribiako udal eremuan eraiki nahi izateaz gain, oraingoak baino handiagoak, eta ondorioz garestiagoak, izatea nahi du. Ez hori bakarrik, kokapen horrek tramitazio oso korapilatsua eskatzen du eta instalazioak hirigunetik oraindik gehiago urruntzen ditu. Eta hori guztia gutxi balitz, planteatutako alderdia inundagarria da eta Jaitzubiako Natura 2000 Sarearen babespen gerrikoaren barruan kokatuta dagoen potentzial ekologiko handiko gunea da. Gainera, lekualdatzea burutzeko geratzen den denbora bidera ezinagoa bihurtzen du aukera hori.

    Behean sinatu dugun elkarteok, inplikaturiko erakundeei (Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Irun eta Hondarribiko Udalak) enkistatutako arazo honi behin betikoz irtenbide bat eman diezaioten eskatzen dugu, Europako Batzordetik irits daitekeen isun handia saihesteko eta Txingudiko bihotza den Plaiaundiko ingurunea jasaten ari den degradazioari bukaera emateko.

    Sinatzaileak: Bidasoaldeko Lagunak (Eguzki Bidasoaldea, Ekologistak Martxan, Itsas Enara Ornitologia, SEO/BIrdLife, Federación  AA VV Oiasso 2000).


    Partekatu - Compartelo