Albistea

  • Metroa Kontxa azpitik pasatzeko baimenik ez ematea eskatu diote Itsasertzetako Zerbitzuari

    2016-09-30
    Partekatu - Compartelo

     

    35 metro hondartza azpitik, tunela Perlatik sartu eta Londres hoteletik aterako litzateke.

    35 metro hondartza azpitik, tunela Perlatik sartu eta Londres hoteletik aterako litzateke.

    Satorralaia bizilagunen mugimenduak prentsaurrekoa eman du gaur Donostian Itsasertzetako Zerbitzuan aurkeztu dituen alegazioen berri emateko. Alegazio horien bitartez Zerbitzuari eskatu dio Eusko Jaurlaritzari ez emateko metroa Kontxa azpitik pasatzeko eskatu duen baimena.

    Hamarnaka bizilagunek alegazioak bateratuta egin dituzte aste honetan, eta beste batzuek nork berea aurkeztu dute, Gobernuak aurkezturiko dokumentazioan irregulartasunak eta hutsuneak agerian utziz.

     

    Gaur goizean alegazioen berri emateko eskainitako prentsaurrekoa.

    Gaur goizean alegazioen berri emateko eskainitako prentsaurrekoa.

    Alegazio guztietan agertzen den puntuetako bat da 2012ko martxoko data daraman Ingurumen-Inpaktu Adierazpenaren baliogabetasuna, iraungita dagoelako, 21/2013 Legeak agintzen duenez lau urteko balioa besterik ez zuelako hark.

    Gainera, Ingurumen-Inpaktuaren Txostenean aztertu zen jatorrizko egitasmoarekin alderatuta, eraikuntza proiektuak aldaketa garrantzitsuak izan ditu, hala nola azpiegitura Kontxako hondartzaren azpitik igarotzea bera.

    Izan ere, egungo proiektuaren arabera, metroa hondartza azpiko 35 metrora eraikitako tunel batetik zirkulatuko da. Tunel hori hondartzan Perla patik sartu eta gutxi gorabehera Londres hoteletik aterako da.

    Honi dagokionean, Euskal Trenbide Sareak (metroa eraikitzeko) “Kontxako hondartzan herri jabariko itsas-lurrak ezinbestean okupatu beharra”ri buruz egiten dituen baieztapenak gezurtatu egiten dira alegazioetan, Ingurumen-Inpaktuaren Txostenean aztertu zen hastapeneko proiektua itsasertzaren paraleloan marraztu baitzen, Kontxako hondartzan itsaso eta lehorraren arteko jabetza publikoa hartu gabe.

    Itsas-lur jabariko ingurumena babesteko lege eta araudietan, Gobernuak kontuan izan ez dituen hainbat puntu badirela ere agerian utzi dute alegazioek. 

    Gauzak horrela, Satorralaiak metroa hondartza azpian eraikitzeko baimenik ez emateko eskatu dio Itsasertzetako Zerbitzuari.

     


    Partekatu - Compartelo