Lasarte-Oria da 5. edukiontzirik ere ez duen Gipuzkoako herri bakarra
2016-10-04
Partekatu - Compartelo
Lasarte-Orian, oraindik honelakorik ez.
Lortu egin du Jesus Zaballos alkateak: gaur egun, seguru asko Lasarte-Oria da herritarrei etxeko zaborretako zati organikoa bereizita biltzeko aukera eskaintzen ez dien Gipuzkoako herri bakarra. Izan ere, Lasarte-Orian 5. edukiontzi ziztrin bat bera ere ez dago, 5. edukiontzia ezarriko zela behin baino gehiagotan agindu duten arren.
Orain arte, Lasarte-Oria Andoainekin lehia bizian ibili da, alor honetan azken putz bietatik zein izango ote. Baina Andoainen ere etxeko-lanak noizbait egin dituzte eta 5. edukiontzia kalez kale ezartzen hasi dira. Beraz, Lasarte-Oria txapeldun.
Astin dezagun memoria pixka batean…
Aurreko legegintzaldian, Udalak 5. Edukiontzia Ezartzeko Batzorde Berezia eratu zuen, PSEren eta EAJren ekimenez, biziklatze-bidean pauso eragingarriagorik trabatzeko helburu. 2014ko apirilean, Batzordeko lehendakari Jesus Zaballosek 5. edukiontzia urte hartan bertan ezarriko zela iragarri zuen, harrabots handiarekin iragarri ere. Alabaina, agindutakoa ez zen bete, 2015ean bete ez zen bezala, eta 2016rako pendiente geratu zen. 2016ko azken txanpan sartu gara, eta, Udaletxetik datozen zurrumurruen arabera, beharbada urrian bertan hasiko dira 5. edukiontziak ezartzen. Ea oraingoan egia den, eta ea erabilera-baldintzek birziklatzea behar bezala sustatzen duten.
Baina, bitartean, bakoitzari berea: alkateak Lasarte-Oria alor honetan azken putz izatea lortu egin duela onartu beharra dago.
Ea behingoz Lasarte-Orian ere hau bezalako irudi bat ikusteko aukera dugun.