Azken hilabeteotan albiste-iturri izan da Aralar (mendi publikoa), Enirio-Aralarko Mankomunitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak (GFA) sustatutako Saltarrirako pista proiektua dela eta, mendizerraren bihotzeraino iritsiko litzatekeen ia 4,4 km-ko pista, alegia. Aralar natur parkeko Baliabide Naturalen Antolamendu Planak berariaz galarazten ditu lurra harrotzeko lanak, baina, hala ere, GFAk onartu egin du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa, lege-eskakizun ugari bete gabe eta proiektuaren inpaktu larriak kontuan hartu gabe: paisaian, lurzoruan, habitatean, lurpeko uretan… . Kasu honetan, gainera, Baliabide Naturalen Antolamendu Planak zehaztutako azpiegitura-planik AURREZ egin gabe. Dagoeneko, Gipuzkoako hainbat natur eta ekologista taldeek helegitea ipini dugu Foru Aldundian pista proiektua bertan behera gelditu dadin eskatzeko.
Eta oraingoz pista soilik Goroskintxuraino izango dela jakin dugu, baina GFAk onartutako proiektu berean oinarrituz. Azken egunetan gainera lanak hasi dira, artzain eta ganaduzaleen sektoreetatik aparte beste inongo eragilerekin adostu gabe. Horrez gain, asmoa da, Aralar osoa pistez zeharkatzea, kontuan izan gabe, Natur Parkea eta Natura 2000ko gunea dela, eta “EAEko Paisai Berezi eta Apartekoen Inbentario-Katalogoan” sartuta dagoela.
Gizartean zabaldurik dago artzaintza bezalako ofizio zahar baten bizi-kalitatea bermatzeko desioa, baina badira aztertu ez diren beste hainbat alternatiba: txabolak birkokatzea, beldar-kate bidezko garraioa, aire bidezkoa… 2002an Aranzadi Zientzia Elkarteak Euskadiko Legebiltzarrean proposatu zuen bezala. Herritarrok ikusten dugu ARTIFIZIALDU GABEKO gero eta toki eta mendi gutxiago geratzen zaizkigula Gipuzkoan eta horrelako proiektuekin Aralar zeharo artifizialduko dute, lehendik oso urbanizatuta dagoen lurralde batean.
Egoera larri honen aurrean, mankomunitateko herritarrak deitzen ditugu, bihar Ordiziako udaletxe aurrean mankomunitateko bilera baino lehen izango den elkarretaratzera, 6’30etan.
Bestetik baita, Urriaren 23an, IGANDEAN, GOIZEKO 9’30etan LARRAITZKO LANGATIK ERREKONTA LEPORA (AUSA-GAZTELU AZPIAN) izango den ibilaldi interpretatibo gidatura ere. Iraupena, gutxi gora behera hiru ordu t’erdikoa izango da eta ibilaldian zehar, hainbat biologo eta herritarrek azalpenak emango dituzte Aralarko ondare eta arazoetaz. Ibilaldi erraza izango da eta mendiko bota eta jantzi egokiak eramatea aholkatzen da. Ibilaldian parte hartzea eta erantzukizuna partehartzailearen ardurapean dago.
Ibilaldia Eguzki talde ekologista eta Landarlan Ingurumen Taldeak antolatu dute, Ekologistak Martxan elkarteak lagunduta. Eta elkarte hauek ere ibilaldia babesten dute: Naturkon Gipuzkoako natur eta ekologista taldeen koordinakundea, Ordiziako Mendizaleak, Usurbilgo Andatza, Donostiako Bidebieta, Irungo Erlaitz…………………………………………….
ENIRIO-ARALAR MANKOMUNITATEARI ESKAERAK:
1.Goroskintxuko pistako lanak eta Saltarriko pista proiektua berehala bertan behera uztea
2. Edozein pista berri onartu aurretik 2003an onartu zuen Ekintzen Egitamua berrikusi dezala, eman daitezkeen erabilerak naturaren babesaren menpean jarriz eta, onartzeko prozesuan, herritarren partehartzea eta eztabaidari bide emanez.
3.Dagokion erakundeari eska diezaiola Aralarko Erabilpen eta Kudeaketa Plana behingoz onartzea.
4.Aralarko Parke Naturala eta Kontserbazio Bereziko Eremuaren organo kudeatzaileari, edozein pista berri onartu aurretik mendiko bide-azpiegituren plangintza orokorra planteatu dezala eskatzea, gizartearen partehartze eta eztabaida prozesu zabala irekiz onartu aurretik.
5. Enirio-Aralar mendi publikoa izanik, mankomunitatea erakunde gardena eta irekia izatea, horretarako dokumentazio osoa web orri baten bidez herritarrei zabalduz, hartzen dituen erabakiak publiko eginez, informazioa zabalduz eta Enirio-Aralarren zainketan herritarrak parte hartzeko bideak ipiniz.
6. Mankomunitateko lan batzordea desegitea, ez duelako aintzat hartzen Aralar Natur Parke eta Babes Bereziko Eremua dela, ezta gizartea informatu eta parte hartzeko bideak jartzea.