Albistea

  • Gabirai bat da bota duten lehen hegazti babestua ehiza-aldi hasi berrian

    2016-10-20
    Partekatu - Compartelo

     

    Gabirai eme bat. Hau bezalako bat bota dute. Argazkia: Jose Herrero.

    Gabirai eme bat. Hau bezalako bat bota dute. Argazkia: Jose Herrero.

    Ehiza-aldia hasi berria bada ere, dagoeneko bota egin dute legez babestutako hegazti bat, zehatz-mehatz, gabirai bat (Accipiter nisus), Mehatxatutako Espezieen Euskal Katalogoak “interes bereziko” sailkatzen duena.

    Orain dela aste batzuk, jakin genuen gabirai eme bat, tiroz zauriturik, Zumarragako etxe baten balkoian sartu zela, babes bila. Orain, berriz, jakin dugu ez dela osatu eta hil egin dela.

    Gabirai hau ehiza-aldi honetan bota duten legez babestutako lehenengo hegaztia izan da, baina, zoritxarrez, ez da azkena izango, urtero bezala, hamaika botako baitituzte; hobeto esan, botatzen ari baitira. Gabirai hau da ezagutzen dugun lehenengoa, jakina; izan ere, botatako guztien gorpu batzuk bakarrik berreskuratzen dira, eta alor honetan ere ez dugu uste Foru Aldundiak behar bezain garden jokatzen duenik.

    Bestalde, horrelako kasuetan, tiro egin dutenak oso gutxitan identifikatzen dituzte. Ezta “ehiztari onez” inguratuta daudenean ere. Horra hor zer gertatu zen Zumarragan bertan, 2011n, Alemaniatik eraztun jarri berria zekarren arrano arrantzale hura Pagotxetako ehiza-lerroan bota zutenean. Fiskaltza ikertzen hasi zen, baina, delitugilea identifikatu ezinean, kasua itxi egin behar izan zuen. Gauza berbera gertatu da joan den maiatzean Oñatiko Naturzaliek aurkitu zuten belatzaren kasuan. Eguzkik salatuta, Fiskaltzak ikertzeari ekin zion, baina egunotan ohartarazi digu ikerketa itxi egin behar izan duela.

    Baina hemen erantzule bakarrak ez dira tiro egiten dutenak. Izan ere, Foru Aldundiaren ehiza-politikak legez babestutako hegaztiak botatzeko aukera handiak ematen ditu. Ehiztarien artean klientelismoa sustatzeak bioaniztasuna babesteak baino gehiago axola dionez, ez du neurririk hartzen. Oinarrizko neurriez ari gara; esaterako, ez die ehiza-lerroak kudeatzen dituzten elkarteei ardurarik eskatzen, ezta ehiza egiteko ordua atzeratzen ere (zenbat eta argi gehiago, gero eta aukera gutxiago legez ehizatu daitekeen espezie bat babestutako beste espezie batekin nahasteko). Aldiz, azken urteotan ehiza egun gehiagotan egitea baimendu du. Eta, jakina, eskopetaz armatutako jendeak zenbat eta egun gehiago mendian pasa…

     
    
    

     


    Partekatu - Compartelo