Albistea

  • Mehatxupean dauden espezieak agertu dira Orian

    2016-10-23
    Partekatu - Compartelo

    Dortoka korrontezalea aurten lehen aldiz ikusi ahal izan da Tolosako legartzetanIturria: Tolosaldeko Ataria.

    Galtzear dauden espeziak agertu dira Oria ibaian. Ibaiaren egoerak hobera egin du, eta horrek ahalbidetu du Oria ibaiaren biodibertsitatea handitzea, Patxi Amantegi ingurumen zinegotziak azpimarratu duenez. 

    Oria ibaian agertu diren espezieak aurkezteko prentsaurrekoa egin dute astelehen goizean Tolosako udaletxean. Patxi Amantegi Tolosako Ingurumen zinegotziak, Iñigo Muñoz Tolosako Udaleko ingurumen teknikariak, Alberto Luengo Txingudi Plaiaundiko langileak eta Asier Manso Eguzki talde ekologistako kideak hartu dute parte bertan.

    EAEko espezie mehatxatuen katalogoan kaltebehera edo vulnerable kategorian daude Oria ibaian agertu diren espezieak, hau da, galtzear dauden espezieak dira, prentsaurrekoan adierazi dutenez. Txirritxo txikia, Ugalde Enara eta Dortoka Korrontezalea dira agertu direnetako batzuk. Ez dira espezie ohikoak, eta Txirritxo Txikiak, esaterako, Tolosako legartzetan kumatu du.

    Ibaia zaintzea, guztion ardura

    Oriak azken hamarkadan sekulako aldaketa izan du. “Horrek ahalbidetu du Oria ibaiaren biodibertsitatea handitzea”, azpimarratu du Amantegik.

    Luengoren hitzetan, kontserbazio politika onen eta ibaia egoera onean egotearen ondorioa da espezie horiek agertu izana. Dena den, anbizio gehiago behar dela nabarmendu du: “Beste pausu bat eman behar dugu, eta gutxienez, bermatu behar dugu urteetan honek horrela jarraitzea”. Izan ere, Eguzkiko kideak adierazi duenez oraindik zikinkeria ugari dago: trafiko seinaleak eta plastiko zatiak, kasu.

    Ingurumen zinegotziak adierazi du herritar guztien eta administrazioaren ardura dela biodibertsitate “aberats” hori babestea: “Espezie horien bizilekua zaindu egin behar da”. Era berean, azaldu du ibaia garbitzearen eta bizitza suntsitzearen arteko aldea. “Gauza bat da gizakiak botatako zikinkeria kentzea eta landare inbaditzaileak kentzea. Berez sortzen den bertako landaretza ere kentzen adugu, ez gara garbitzen ari, bizitza kentzen baizik”.

    Gunea babesteko eskaera Diputazioari

    Eguzki talde ekologistako kideek eskatu zioten Gipuzkoako Foru Aldundiari eremua babestea Txirritxo Txikia kumatzen den garaian. Tolosako Udaletik jakinarazi dutenez, diputazioarekin jarri dira harremanetan, eta adierazi diete zaindari bat jarriko dutela. “Neuri horri eraginkorra ote den ikusi beharko da”, adierazi du Muñozek.

    Manso Eguzkiko kidearen iritziz, espezie hori apiriletik abuztura arte egoten da Oria ibaian, eta bi aldiz kumatzen du. “Epea batean arrantzaleei sartzen uzten ez badiegu, baina kumatu ondoren sartzen badira, bigarren kumaketa arriskuan jar dezakegu”, nabarmendu du talde ekologistako kideak.


    Partekatu - Compartelo