Erraustegiaren sustatzaile diren GHKra eta FCC enpresara eraman dute protesta


Manifestariak GHK-ko egoitzaren aurrean.

Manifestariak GHK-ko egoitzaren aurrean.

TESTUA: GARA; ARGAZKIAK: ERRAUSTEGIAREN KONTRAKO MUGIMENDUA

500 bat lagunek egin zuten bat larunbatean Hernanin erraustegiaren aurkako martxa zaratatsuarekin. Txilibitu, bozina eta kazolaz armatuta, eguerdian atera ziren Plaza Berritik. Floridan eta Etxeberrin barrena lehendabizi FCCren egoitzetako batera joan ziren. FCC erraustegia eraikitzeko eta kudeatzeko eskaintza egin duten enpresetako bat da. Berau bisitatuz, «diru trukean gipuzkoarren osasuna (eta poltsikoa) arriskuan jartzeko prest» dauden enpresak salatu nahi izan zituzten Erraustegiaren kontrako Mugimenduak eta Gipuzkoa Zutik ekimenak.

FCCn geldialditxoa egin ondotik, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren (GHK) bulegoen aurrera eraman zuten protesta-parodia, Joseba Tapiak gaiaren inguruan sortutako kanta guztien artean abestuz. Erraustegiaren sustatzaileen izenak agertzen dira bertan, arrosarioaren letania doinuan.

 

FCCren paretik pasatzean.

FCCren paretik pasatzean.

Gero bakoitza bere kasa herrigune aldera igo zen. Han Erraustegiaren Zorraren Festa zuten zain: herri bazkaria, bertsolariak, poesia, haur jolasak, margoketa lantegia eta beste animazio batzuk. Musika ere ez zen falta izan. DJ Miau, Morau eta Duo do Portuk jarri zituzten dantzan gorputzak.

Antolatzaileek adierazi zutenez, GHK-k Zubietako erraustegiaren eraikuntza hemendik gutxira esleitzeko asmoa duela-eta, proiektu hau finantzatuko duten enpresei «presioa egitea» izan zen mobilizazio egun honen helburua. Duela hamabost egun beste manifestazio bat egin zuten Donostian, La Caixaren eta Banco Santanderren aurrean. Eta atzo FCC enpresarengana eta proiektu osoaren sustatzaile den GHKrengana zuzendu zuten protesta.

Enpresa eta bankuei presioa

«Hala adierazi nahi diegu bai GHKri eta bai enpresa eta bankuei, aurrean izango gaituztela eta gure aldetik ahal diren zailtasun guztiak jarriko dizkiegula eta ahal den presiorik handiena egin tamaina horretako astakeria aurrera eraman ez dezaten, hainbesteko milioi pila kostatuko zaiguna eta enpresei eta bankuei hainbesteko dirutza emango diena gure poltsikoetatik aterata», nabarmendu zuten.

Horretan jarraituko dutela ziurtatu zuten, osasunean ere fokua jarriz. «Zuen negozioa, gure minbizia» zioen pankarta handi bat eraman zuten atzo.

 

Bostehun lagun inguruk parte hartu zuten manifestazioan.

Bostehun lagun inguruk parte hartu zuten manifestazioan.

«Zabaltzen ari diren gezurrak» ere agerian jarri zituzten. Adibidez, azpiegiturak energia sortuko dutela esaten dute bultzatzaileek. Horren inguruan, Erraustegiaren kontrako Mugimenduak eta Gipuzkoa Zutik-ek argitu zuten funtzionamendurako erabiltzen den gas naturalak sortzen duela bereziki energia. «Zabalgarbiren datuek diote sortzen duen energiaren %70 gas naturalak ematen duela eta zaborra erretzeak %30 bakarrik. Ez du, beraz, energia askorik ematen».

Bestalde, 260 lanpostu baino gehiago sortuko dituela diote erraustegiaren sustatzaileek. «Zabalgarbik, ordea, 70ekin funtzionatzen du. Eta Zubietan egiteko asmoa dutenaren tamaina berdintsua du».

Edozein kasutan, martxaren antolatzaileen arabera, erraustegiaren kontra agertzeko argudio nagusia da ez dela beharrezkoa, «Gipuzkoan sortzen den errefus kantitatea erraustegiak duen edukieraren hiru laurden soilik delako gaur egun eta joera beheranzkoa delako. Gainera, errefusa asko gutxitu daiteke erabaki politiko batekin. Gipuzkoako herri batzuetan urtean pertsonako 50 kilo errefus sortzen diren bitartean, Donostian edo Irunen 300 kilo inguru sortzen dira. Hortaz, Donostia, Irun, Errenteria, Lasarte-Oria, Eibar… gaika biltzen taxuz hasten direnean, errefus kantitatea asko gutxituko da».

Mobilizazioek azaroan ere segida izango dute.

Mobilizazioek azaroan ere segida izango dute.