Albistea

  • Artigasko zabortegitik Mutiloako zabortegira

    2016-11-01
    Partekatu - Compartelo

    Lurmen zabortegia Mutiloa

    Mutiloako Lurpe zabortegia egokitzen ari dira urtea bukatu baino lehen bertan botatzen hasteko Gipuzkoan sailkatu gabe biltzen diren hondakinak.

    Hasi berri dira Bilbon Artigasko zabortegia handitzeko lanak. Deia egunkariak aste honetan bertan informatu duenez (albistea ikusteko klikatu hemen) , lan hauei esker Artigasko zabortegian mila milioi kilo hondakin baino gehiago pilatu ahal izango dira, edo, beste modu batean esanda, Bizkaiko zaborrak pilatu ahal izango dira… 2044. urtera arte!

    Aizu, baina Bizkaian orain dela hamar urte ez al zuten Zabalgarbiko erraustegia eraiki? Eta geroztik Bizkaiko hondakin-politikak ez al du erraustegi horixe oinarri? Orduan, zergatik zabortegiak? Izan ere, EAJk eta PSEk —Mutiloako zabortegia inposatzea erabaki duten arte, behintzat—ez al dute behin eta berriro esan Zubietako erraustegia eraiki behar dela Gipuzkoan zabortegi gehiago egin behar ez izateko? Ez al dute behin eta berriro esan zabortegiak antigoaleko kontuak direla eta erraustegia, berriz, moderno-modernoa? Alabaina, Bizkaian, erraustegi “modernoa” ez ezik “antigoaleko” zabortegiak ere badituzte; are gehiago, zabortegiak zabaltzen jarraitzen dute, eta, gainera, 2044ra arte! Nolatan?

    Bada, EAJk eta PSEk sinestarazi nahi dutenaren kontra, erraustegiak ez duelako inolaz ere zabortegien beharra baztertzen. Are gehiago, erraustegiak sortzen dituen errauts eta zepak arriskutsuak direnez, zabortegi bereziak ere behar dira.

    Orduan, esaten dutenean Mutiloako zabortegia “trantsitorioa” izango dela, behin-behineko kontua baino ez dela Zubietako planta eraiki bitartean, gezurretan ari al dira? Egia, behintzat, ez dira esaten ari. Izan ere, Zubietako erraustegia martxan jarriko balute ere, zabortegiak beharko dira, besteak beste, erraustegiak berak sortuko lituzkeen hondakinak pilatzeko. Lurmen zabortegia Mutiloa pankartaEsaterako, Artigasko zabortegian, handitu ondoren, nolako zaborra pilatu behar dute? Bada, arestian aipatu dugun Deiaren informazioan argi eta garbi esaten dute: bat, arrazoi bat dela edo bestea dela ez birziklatu ez erraustu ezin diren hondakinak; bi, hondakin geldoak… eta, hiru, zaborra erraustu ondoren geratzen diren hondakinak. Hau da, Zabalgarbiko zepak. Alde horretatik, Mutiloako zabortegia “trantsitorioa” izan liteke, baina “trantsitorioa” beste zabortegi bat ireki arte. Non? Adibidez, oraingoan txiripaz libratu den Epelen (Bergara eta Arrasate bitartean) edo beste edonon.

    Tira, PSEk eta EAJk jarraituko dute esaten Mutiloakoa “trantsitorioa” dela eta erraustegiak zabortegien arazoa konponduko duela. Baina zuk eta biok, irakurle, dagoeneko erreparatu diogu Bizkaian gertatzen denari, eta badakigu erraustegi eta zabortegien arteko dikotomia hori faltsua dela. Zabortegien beharra gutxitzeko bide bakarrak prebenitzea, bererabiltzea eta birziklatzea dira. Eta badakigu ere alor horietan PSEren eta EAJren politika atzera egitea dela, modu nabarmenean gainera, errasustegia justifikatzeko gutxienezko zabor kopurua behar dutelako.

    Eguzki, 2016ko urrian.


    Partekatu - Compartelo