Albistea

  • Donostia Demokraziaren Mundu Hiriburua? Ez diezagutela adarra jo!

    2016-11-12
    Partekatu - Compartelo

    kartelaAzaroaren 16 eta 19 bitartean, Donostia 2016 egitarauaren barruan, Demokrazia Zuzen Modernoari buruzko Foro Globala egingo da, herritarren parte-hartzeari buruzko kongresu bat, alegia. Ekimen honen marketinean Donostia “Demokraziaren Mundu Hiriburua” dela eta horrelako gehiegikeriak/ergelkeriak esaten dituzte. Hori dela eta, Donostian parte-hartze maila nolakoa den ederki ezagutzen duten hainbat herri-plataformek protesta-kontzentrazio bat antolatu dute Foro Globalaren inauguzazio-ekitaldian. Hitzordua asteazkenean izango da, hilak 16, arratsaldeko 6.30ean, Donostiako udaletxe aurrean. Deitzaileak, momentuz, Satorralaia (Metroaren pasantearen kontrako bizilagunen elkartea), Erraustegiaren kontrako Mugimendua, Donostialdeko Stop Desahucios, Eleak-Libre eta LAB. Haiek munduko tiporik listoenak direla sinesteak ez digu axola, baina ez gaude prest gainerako guztiok tonto konpletotzat har gaitzaten!

    Metroaren gaia lantzen duen Satorralaria bizilagunen elkartea izan da kontzentrazioa deitzen lehen agentea. Satorralariak gogorazi duenez,  Metroaren inguruan parte-hartzeko biderik ez dago eta instituzioek herritarrei kontsulta egiteko inongo borondaterik ez daukate. “Izan ere –esan dute–, gure ibilbidea ez-parte-hartzearenvia crucis edo pelegrinazio baten modukoa izaten ari da: batetik, Eusko Jaurlaritzak ezikusiarena egiten du eta auzi honetan prozesu partehartzaile bat abian jartzeko dagoen beharra helarazteko asmoz harekin biltzeko egin genion eskaerari ez dio erantzunik ere eman; bestetik, parte-hartzeko bideak ireki daitezen Udaletxera jo dugunean, Eneko Goia alkateak gai honen inguruan ezin duela ezer egin erantzun digu; eta azkenik, Gipuzkoako Diputatuen Kontseiluak berriki ezezkoa eman dio herri galdeketa bat egin dadin 8.916 donostiarren sinaduren babesarekin aurkeztu genuen eskaerari.

    Gauzak horrela, zalantzan jartzen dugu Donostiako Udalak beste erakunde batzuekin batera antolatu duen “Demokrazioa Zuzen Modernoari buruzko Foro Global” honen zentzua bera: egitarauak iragartzen duenez,“Ongi Etorri Europako Kultur Hiriburu eta Demokrazioaren Munduko Hiruburura” izenburuarekin egingo du Udal Gobernuak jardunaldien aurkezpena, eta beste honako hau ere dio, hitz-hitz:  “Kostalde antlantikoko hiri eder hau demokrazioaren eta hiribizitza komunitarioaren eredu bihurtzen ari gara”. Ze kopeta duen halakoak esateko! Horrenbestez, salagarria da Udal Gobernuak makilaje honen azpian gorde nahi dituela Donostian benetan agintzen duten interes enpresarialak, hiria klase dirudunei eta turismoari begira bideratuaz eta nozitzen ditugun merkantilizazio eta espekulazio prozesuak areagotuaz etekinak ateratzen dituztenak. Bien bitartean, Metro-pasantearen aferan gobernuek eta administrazioek darabilten iluntasuna nabaria da  eta herritarron argumentu nahiz proposamenekiko agertzen duten erdeinuaren adibide biribil bat da auzi hau”. 

     

    "Demokraziaren Munduko Hiriburua". Marketin-arduradunari eskua joan zaio. Kopeta behar da!

    “Demokraziaren Munduko Hiriburua”. Marketin-arduradunari eskua joan zaio. Kopeta behar da!

    Erraustegiaren kontrako Mugimenduak zabaldu duen deialdiak, berriz, zera dio: “Ez dugu duda egiten Foroan parte hartzen dutenek gauza interesgarriak esango dituztela. Halaber, ez dugu ukatzen horrelako ekimenak publizitatzeko marketing-dosi minimo bat erabiltzea zilegi dela. Baina ez gaude prest akritikoki edozer onartzera. Zehatz-mehatz, ez gaude prest Donostian herritarren parte-hartzea eredugarria dela onartzera. Gogorazi behar dugu Donostiako Udalak erraustegi-proiektua sustatzen jarraitzen duela, Zubietako herritarrek, eta Usurbilgoek, bozka bidez errefutxatu duten arren. Lasarte-Oriako eta Andoaingo udalek ere errefutxatu dute. Hau da, Donostiako Udalak proiektua sustatzen jarraitzen du erraustegiaren kokalekutik gertuen diren populazio guztien borondatearen aurka. Beraz, nekez esan daiteke parte-hartze aldetik eredugarria dela. Eta eredugarria ez izatea logikoa ere bada, gainera. Izan ere, Donostiako udaletxean agintzen dute Foru Aldundian agintzen duten alderdi berberek. Eta Foru Aldundiak ukatu egin du GuraSOSek, foru araudia eskuetan, erraustegiari buruz eskatu duen parte-hartze prozesua. Baina, horrez gain, ukazio horren kontrako helegitea jartzeko aukera ere ukatu nahi izan du. Hara, herritarron parte-hartze eredugarria!

    Tira, asteazkenean, hilak 16, arratsaldeko 6.30ean, Donostiako udaletxea urrean.

     

     

     

     

     


    Partekatu - Compartelo