Albistea

  • Araban berriz gasa ateratzeko planaren aurrean: BERRIZTU!

    2016-11-24
    Partekatu - Compartelo

    BERRIZTU-ren prentsaurrekoaGasa ateratzeko Armentia-2 proiektu berria, Subilla Gasteizko inguruan kokatua dago eta frackingaren bitartez gasa ateratzeko putzuen eskaera egin zuen enpresak berak tramitatu du. Proiektu horrek gure lurraldearen lurrazpitik behin eta berriro gasa ateratzeko planari jarraipena ematen dio. Egoera honek lehentasuna duten gai batzuk mahaigaineratzen ditu.

    Mugatua den planeta batean hazkunde mugagabeak dituen arazoetaz.
    Sistema honen logikak, etengabeko hazkunde ekonomikoa bultzatzen duenak, jendartearen eta planetaren kolapsora eramango gaituela gero eta jende gehiagok eta gero eta ozenago esaten du. Kapitalaren metaketak eta etekin pribatuaren bilatzeak
    baliabide naturalen kontsumo eta erabilpena handitzea dakarte. Horrek planetak dituen muga fisiko eta biologikoekin talka egiten du nabarmen.
    Egoera jasanezina bihurtzen ari da azaleratzen ari den arazoen pilaketaren ondorioz. Gaur egun jasaten dugun dimentsio askotariko krisiak (soziala, energetikoa, ingurugirokoa, ekonomikoa, zaintzarena, eskubideena), ingurumenari dagokionez, baliabide naturalen etengabeko agortzea dakar. Horri, ekosistemen degradazioa eta oreka naturalen inoiz ezagututako aldaketarik handiena gehitu behar zaio. Ez bakarrik eremu lokalean, lehen gertatzen zen bezala, baizik eta lehen aldiz, ingurune sistema globalean ere. Horren aurpegirik argiena, klima aldaketa da.
    Horren guztiaren atzean, eredu ekonomikoari erantzuten dion eredu energetikoa krisian dago ere bai. Lortzeko errazak ziren erregai fosilen garaiaren amaierak muga extraktiboen etengabeko hedapena eragiten du. Gauzak horrela, baliabide naturalak gero eta
    sakonago, urrunago, basatiago eta modu suntsitzaileagoan ustiatzen ditugu.
    Eta frackingaren ostean zer?
    Testuinguru horretan heldu zen frackinga Euskal Herrira. Teknika horrekin AEBetako hainbat eremu suntsitu ostean, horren bultzatzaileak eusko-kantauri arroako eremu batzuetara zabaldu nahi izan ziren. Negozioak egiteko aukerarekin espekulatuz. Urte
    batzuk geroago, jendartearen erantzunak eta zulatzaileentzako testuinguru ekonomiko desegokiak proiektuak erorarazi ditu. Oparotasuna agintzen zuten haiek isilean ospa egin dute. Guztiek? Ez. Badabil norbait oraindik.
    Eusko Jaurlaritza, Hidrocarburos de Euskadi (SHESA) enpresa publikoaren bitartez, gasa lortzeko asmoz gure lurazpia zulatu nahian dabil aspaldidanik. Orain, konbentzionalak ez diren hobietan gasa atera nahi dute, ustez konbentzionalak diren metodoak erabiliz.
    Mehatxuak izena aldatu du, baina egitasmo berriek inpaktu larriak eragingo dituzte ere bai.
    Zulatzaileen nahiak betetzeko, ehunka edo milaka putzu egin beharko dira Arabako
    lurraldean.
    Berriztu! Egoera horren aurrean erantzuteko
    Proiektu zehatzen eta teknikaren inguruko eztabaidetatik haratago, energiari eta ingurumenari loturiko arazo bat dago. Egoeraren larritasunak, erregai fosiletan oinarritutako energia eredua bultzatzen duten inbertsioak diru publikoarekin ez ordaintzea
    eskatzen du. Inbertsio guztiak, trantsiziora zuzendu behar dira, karbono baxuko ekonomia lortzeko helburuarekin. Berotegi efektuko gasen emisioak murriztuz, energia kontsumoa gutxituz eta energia berriztagarrien aldeko apustua eginez. Trantsiziozko energia bezala gasaren aldeko apustu publikoak, krisiaren ereduan sakontzen du eta beharrezkoa dugun eredu berriztagarriarekin talka egiten du, ezinbestekoa den aldaketaren gauzatzea atzeratuz.
    Esandako guztia esanda, BERRIZTU! mugimenduak helburu hirukoitza du:
    • Mobilizazio sozialaren bitartez eta instituzioei begira eginiko ekimenekin, gasa ateratzeko proiektuak gelditzea.
    • Bide energetiko okerretatik ibiltzearen arazoaz jendartea kontzientziatzea, gai hauen inguruan lanketa ezberdinak egiten ari diren beste eragileekin batera elkarlana sustatuz.
    • Gaur egungo energia ereduak behar dituen aldaketen inguruko hausnarketa egitea, hainbat proposamenak eta ekimen bultzatzeko.


    Partekatu - Compartelo