Albistea

  • Lasarte-Oriako Udalak aurten ere ez du kontuan izan birziklatzea zabor-tasetan

    2016-11-29
    Partekatu - Compartelo

     

    Portzierto, 2016ko azken hilabetean sartu gara eta Lasarte-Oriako kaleetan ez da hau bezalako bat bera ere. Gogoan izan Jesus Zaballosek 5. edukiontzia 2014an ezarriko zela agindu zuela.

    Portzierto, 2016ko azken hilabetean sartu gara eta Lasarte-Oriako kaleetan ez da hau bezalako bat bera ere. Gogoan izan Jesus Zaballosek 5. edukiontzia 2014an ezarriko zela agindu zuela.

    Lasarte-Oriako Udalak 2017ko ordenantza fiskalak onartu berri ditu eta, hartutako erabakiak ikusita, garbi dago aurten ere uko egin diola zabor-tasen bidez birziklatzea sustatzeari. Honi eta beste hainbat konturi heltzeko “mahai bat” eratuko zuela agindu zuen iaz alkateak, baina konpromisoa ez du bete eta berriro ere tarifa finkoaren alde egin du. Tarifa finkoa, antiekologikoa izateaz gain, sozialki injustua da, arduraz jokatzen duten birziklatzileak zigortzen dituelako, eta axolagabeak, berriz, saritu.

    Iaz, Lasarte-Oriako Udalak, PSEren eta EAJren ekimenez, bertan behera utzi zuen auzokonpostatze-programan parte hartzen duten familiek zabor-tasan zuten %20ko hobari edo deskontua. Hau da, bertan behera utzi zuen azken urteotan zabor-tasen bidez birziklatzea sustatzeko hartutako neurri bakarra. Alkateak iradoki zuen deskontua pribilegiotzat ere har litekeela, lasarteoriatar guztiek birziklatzeko aukera bera ez dutelako. Edonondik begiratuta ere, argudio zentzugabea da, baina are zentzugabeagoa kontuan izanda Lasarte-Oria dela 5. edukiontzi ziztrin bat bera ere ez duen Gipuzkoako herri bakarra, eta horren erantzulea alkatea bera dela, 5. edukiontzia ezarriko zuela aspaldi agindu zuen arren, konpromisoa bete ez duelako. Baina, tira, auzokonpostatzaileentzako deskontua kendu, kendu egin zuen, eta erabakiaren gogorra leuntzeko edo, 2016an birziklatzearen aldeko hobariak eta zabor-tasaren inguruko beste hainbat kontu argitzeko “mahai bat” eratuko zuela agindu zuen.

    Urtebete pasatu da eta ez dugu mahai haren berririk izan. Nolanahi ere, mahaiarekin edo mahairik gabe, 5. edukiontzia ezartzea askoz gehiago ere atzeratu ezin dela kontuan izanik, oso une aproposa zen erabiltzaileei zabor-tasan deskontu bat egiteko. Pizgarri polita izan zitekeen herritarren artean egin beharko den kanpaina indartzeko. Baina ez da horrela izan eta gobernu-taldeak berriz ere tarifa finkoaren alde egin du. Tarifa finkoa, antiekologikoa izateaz gain, guztiz bidegabea da. Zenbat eta zabor gutxiago gaika bildu, orduan eta tratamendu garestiagoak behar dira. Tarifa finkoaren bidez, arduraz jokatzen dutenak, esfortzu handiagoa egiteaz gain, beren diruarekin finantzatzen ari dira batere birziklatzen ez dutenen axolagabekeria. Beraz, Udala, tarifa finkoaren bidez, axolagabeak saritzen eta birziklatzaileak zirgortzen ari da, nabarmen zigortzen, gainera. Hau ez da gure burutazio bat. PIGRUGek ere, erraustegia aurreikusten duen planak berak, alegia, honela dio: “Hondakinak sortzea zigortuko duten tasa aldakor eta mailakatuak ezarriko dira”.

    Beraz, garbi dago: gobernu-taldeak aurten ere ez du kontuan izan birziklatzea zabor-tasan; baina zenbat garestitu du tasa hori? %4. Eta hori asko edo gutxi da? KPI 1,3koa dela kontuan izanik, asko da, dudarik gabe. Hala ere, zerbitzu osasungarri edota ekologikoago bat ezartzeko balitz, igoera onargarria izan liteke, edo ulergarriagoa, behintzat. Baina igoera erraustegia oinarri duen sistema bat finantzatzera bideratuta dago, hau da, osasun aldetik arriskutsua izateaz gain, garesti baino garestiagoa den sistema bat finantzatzera. Eta honek hasi baino ez du egin, erraustegia egiten bada, osasunean ez ezik dirutan ere garestitxo ordainduko baitugu.

    Eguzki, 2016ko azaroan


    Partekatu - Compartelo