Albistea

  • SOS ARALAR: PNV eredua berriz gure mendietan

    2016-12-12
    Partekatu - Compartelo

    Hondeamakinak lanean 1 Aralar

    Goroskintxurako pistaren lanak hasiberritan, egun Goroskintxura iritsi dira.

    Gipuzkoako Aldundiak, Enirio-Aralar Mankomunitatearekin batera, Aralar mendilerroa 20 km luzerara irits daitekeen pistaz betetzeko proposamena onartu dute. Gipuzkoako 200.000 hektareatan errepide eta pistarik gabe dagoen eremu bakarrean, eta bere lekurik altuenetara (ia 1.300 metrotaraino) eraman nahi dituzte ibilgailuen joan-etorria.

    Euskal Herriko ekologismoa beti izan gara aitzindari gure mendien aurkako eraso eta gatazketako konponbidearen bilaketan, gehienetan PNVk eta UPNk sortuak: Larra-Belagoa, Itoitz, AHT, Jaizkibel, Bizkaia eta Gipuzkoako baso-politika intentsiboak, Hernio-Gazume, Praileaitz, Bardeak, Mañaria-Aizkorri-Baztan-Erroibarreko harrobiak, Yesa,…

    Funtzionalki bi alderdi horien ibilbidea eta lana lobby ekonomikoen jarduera babesteari lotuta dago historian zehar, baina berezitasun batekin: lehen sektorearen inguruko ingurumen-gatazketan, nekazaritza, abeltzaintza edo arrantza munduko eragileak manipulatzen dituzte beren eredu intentsiboa eta natur baliabideen suntsipena eta agorpena gauzatzeko.

    Aralarren kasuan, mendien artifizializazioa eta abeltzaintzarako eredu intentsiboa bultzatu nahi dituzte, lehen sektoreko hainbat profesional PNVren tranpa honetan erori direlarik bete-betean. Gainera, jakin badakite pisten eraikuntza legez kanpokoa dela naturgune babestu honetan. Izan ere, abeltzaintza estentsiboa integratuta dago gaur egun Aralarren, eta ingurumenean. Eta hau haustea lortu nahi dute.

    Aralar Biziriki Zerain

    Aralarren alde eta pisten aurka egindako azken mobilizazioa, Zerainen landarlanek deituta. Argazkia: Goierriko Hitza,

    Aralar Europako Natura 2000 Sare ekologikoko eremu babestua da, eta Parke Naturala 1994tik. Mendi publikoa da, goierritarrena eta Gipuzkoako 700.000 biztanle guztiena da, eta ez bakarrik Markel Olano, Arantxa Ariztimuño edo Jose Miguel Santamaria jeltzaleena.

    Eguzki erakunde ekologista eta antinuklearra lehen sektoreko profesionalen bizi baldintzak hobetzearen alde dago, horregatik gure eskaera eta lan-lerroa honakoa da: pisten eraikitze-lanak gelditu, hausnartu, partekatu eta erabaki, moratoria ezarriz eta ingurumen-kalteak zenbatuz. Horregatik babes-tresna gisa, Ingurumeneko Fiskaltzan salatu dugu gure mendiekiko eraso berri hau, Landarlan Ingurumen Elkartearekin batera, esperpentoa hau geldiarazteko.

    Baina, ez dezagun utzi erabakia soilik epaileen edo PNVren esku. Jendartea eta lehen sektoreko eta ekologismoko eragileak bil gaitezen zentzuzko kudeaketa adosteko Aralarren eta Euskal Herrian. Ingurumena eta bioaniztasunaren kontserbazioa, eta lur lehorreko eta itsasoko elikagai-ekoizpena eta burujabetzaren eredua uztartuz.

     


    Partekatu - Compartelo