Albistea

  • Ibaiak saneatzeko hainbat proiektuk atzerapena pilatzen jarraitzen dute, Jaurlaritzak ez duelako horiek finantzatzeko konpromisorik betetzen

    2016-12-28
    Oiartzun ibaia Oreretako Iztieta auzoaren parean pasatzean, Pasaiako Badiatik oso gertu.

    Oiartzun ibaia Oreretako Iztieta auzoaren parean pasatzean, Pasaiako Badiatik oso gertu.

    Aspalditik pendiente diren hainbat saneamendu-lan gero eta gehiago atzeratzen ari dira, funtsean Eusko Jaurlaritzak ez dituelako betetzen horiek finantzatzeko hartu zituen konpromisoak. Eguzkik Urkulluren gobernu berriari eskatzen dio arazoari merezi duen bezala heltzeko eta hori aurrekontuetan islatzeko.

    Testuingurua

    Azken hamarkadetan saneamendu-kontutan aurrera egin dela begi-bistakoa da (egia esan, besterik ez genuen behar), baina hori bezain begi-bistakoa da oraindik asko direla ibaietara araztu gabe isurtzen diren ur zikinak, nahiz eta Europar Zuzentarauak arazo horiek 2000. urterako konponduta egon behar zutela agindu. 2.000 urteko datak berak agerian uzten du hainbat saneamendu-proiektuk pilatu duten atzerapen handia.

    Aurtengo urtarrilean, BOEk argitaratu zituen plan hidrologiko berriak, tartean, Kantauri Ekialdekoa, hau da, EAEko ibaiei dagokiena (Bidasoako eta Urumeako kasuetan, Nafarroari ere badagokio, zati batean).

    Mutrikuko Mijoa errekak saneamendurik gabe jarraitzen du. Argazkian, udan salatu genituen isurietako bat, esne-kolorekoa.

    Mutrikuko Mijoa errekak saneamendurik gabe jarraitzen du. Argazkian, udan salatu genituen isurietako bat, esne-kolorekoa.

    Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologiko berriak Neurrien Programa delako bat dauka atxikita. Programa hau ibaiekin zerikusia duten politika guztietan instituzioek datozen urteetan jarraitu beharreko bide-orri eguneratua da. Programak aurreikusitako neurriak (saneamendukoak barne) bi alditan banatzen ditu: 2016-2021 eta 2022-2027. 2027tik aurrera, Plan Hidrologikoa eta, ondorioz, Neurrien Programa berriro eguneratu beharko dira.

    Bada, Plan Hidrologiko berriaren Neurrien Programak berak agerian uzten du hainbat saneamendu-proiekturen atzerapena. Izan ere, dagoeneko gauzatuta egon beharko luketen arren, berriro agertzen dira datozen urteetan gauzatu beharrekoen zerrendan. Oro har, atzerapen handia pilatzen duten proiektuak dira, eta txarrena da ez dirudiela epe laburrean gauzatuko direnik, ezta ertainean ere, kasu askotan, behintzat. Are gehiago, ikusiko dugunez, Programak berak 2027 baino lehen gauzatuko ez diren lanak ere aipatzen ditu.

    Gipuzkoako kasua

    Atzerapenak EAEko hiru herrialdeei dagozkie, baina Gipuzkoan zentratuko gara, herrialde horretan instituzioek 2007. eta 2011. urte bitartean hainbat saneamendu-lan giteko “Hitzarmen Marko” bat izenpetu zutelako. Hitzarmen hori Jaurlaritzaren inkunplimenduen lekuko ukaezin bezain adierazgarria da.

    Plan Hidrologiko berriaren Neurrien Programaren arabera, honako hauek dira Gipuzkoan pendiente dauden saneamendu-proiektu garrantzitsuenetakoak, ez guztiak.

    Iturria: Neurrien Programa.

    Proiektu hauek besteak beste bi gauza komun dituzte: bata, beren finantziazioaren % 100 edo % 75 Eusko Jaurlaritzari dagokio; bestea, guztiak zeuden 2007-2011ko Hitzarmen Markoak anparatuta. Alabaina, 2011 aspaldi geratu zen atzean, 1917ko atarian gaude, eta bistan da Jaurlaritzak ez dituela hartu zituen konpromisoak bete. Hori larria da, baina are larriagoa da jakitea Neurrien Programaren arabera, hau da, bide-orri berriaren arabera, horietako gehienak 2021. urtea baino lehen ere ez direla gauzatuko. Horretaz nahiko garbi mintzo dira taulako zenbakiak: 2016-2021 aldian aurreikusitako inbertsioa 18,9 milioikoa da; 2022-2027 aldian, berriz, 31,25 milioikoa. Horrek, gauzak orain arte nola joan diren ikusita, hainbat saneamendu-proiektu ia sine die atzeratzea ekar dezake.

    Oria, Aginagatik oso gertu.

    Oria, Aginagatik oso gertu.

    Gainera, arestian esan dugun bezala, taulan ez daude proiektu pendiente guztiak. Horra hor Aginagako sanemendu-proiektua. Hori ere Hitzarmen Markoak anparatuta zegoen. Neurrien Programan, berriz, ez da ageri, edo, hobeto esan, ageri da, izan ere, memorian aipatzen dute, baina honako ohar hau erantsita: “los limitados presupuestos disponibles por las administraciones competentes… dificultan la inclusión de estas obras en el horizonte 2021 e, incluso, 2027″. Alegia, datozen hamar urteetan, behintzat, Jaurlaritzak ez du Aginaga saneatzera sosik bideratzeko asmorik.

    Dirua egon badago

    Ikusi dugunez, Neurrien Programak atzerapenak berretsi eta are atzerapen handiagok aurreikusten ditu. Baina Jaurlaritzak ez badu saneamenduan azken urteotan baino gehiago inbertitzen, Neurrien Programa bera ere ez da beteko.

    EAJren eta PSEren artean izenpetutako gobernu-akordioak beste gauza asko ez ezik honako hau ere badio: “Uraren hornikuntza, saneamendu eta arazketa azpiegitura hidraolikoak garatu eta eraikiko dira, dagoen plangintzaren arabera”. Baina plangintzak epeak ere zehazten ditu, eta, ikusi dugun bezala, proiektu askotan epe horiek ez dira bete; beraz, plangintza urratu egin da. Jaurlaritzak saneamenduan orain arte baino diru gehiago inbertitu ezean, plangintza urratzen jarraituko du eta gobernu-akordioaren zati hau ezerezean geratuko da.

    Neurrien Programan behin baino gehiagotan errepikatzen den ideia bat, Aginagako kasuan ikusi dugun bezala, hauxe da: egiteko dauden proiektuak egiten joango dira “dirua dagoen neurrian”. Orain arteko Garraio, Lurralde Antolaketa eta Ingurumen sailburu Ana Oregik ere antzekoak esan izan ditu bukatu berri den legeladian, Parlamentuan gai honetaz hitz egin duenean. Baina dirua egon badago. Arazo honetan, beste hainbatetan bezala, lehentasunak ezartzean dago gakoa. Hori bai, Jaurlaritzak, 2016an egin duen bezala, Departamentuaren aurrekontuaren % 72 Abiadura Handiko Trenera bideratzea erabakitzen badu, geratuko zaizkion sos apurrekin nekez beteko ditu beste alor batzuetan dituen konpromisoak, adibidez, saneamenduarenak. Gainera, ez da begi-bistatik galdu behar AHT finantzatzea berez ez dagokiola Jaurlaritzari, Estatuko gobernuari baizik, eta saneamendua, berriz, bai.

    AHT “estrategikoa” omen da. Alabaina, saneamendua baino “estrategikoagoa” ote? Gure ustez, saneamendua estrategikoa baino gehiago da, oinarri-oinarrizkoa baita. Ulertzen dugu politikoentzat ia edozer saneamendua baino glamorurosoagoa izatea. Alabaina, guk, Bertolt Brechten urak gure errotara ekarriz, badakigu proiektu txarrak, txarragoak eta zitalak dauden bezala, proiektu onak, hobeak eta bikainak ere badaudela. Eta gero daude ezinbestekoak: horietakoak dira saneamenduarekin zerikusia dutenak.

    Andoaingo Ziako erreka edo Errekabeltz, Oriarekin bat egiten duen puntuan.

    Andoaingo Ziako erreka edo Errekabeltz, Oriarekin bat egiten duen puntuan.

    (Visited 154 times, 6 visits today)

Harpidetu

*Datu hau beharrezkoa da

Egutegia

Apr
1
Sat
2017
12:00 Donostiako metroari buruzko mani...
Donostiako metroari buruzko mani...
Apr 1 @ 12:00 – 13:00
Apirilak 1 larunbata: MANIFESTAZIOA, eguerdiko 12etan Easo Plazatik abiatuta “METROAREN PASANTEARI EZ!” lemapean.

KANPAINA

SOS Talaimendi

TXOSTENAK

LOTURAK

URTEKARIAK