Legez kanpoko ehiza garesti ordaintzen omen da… Kenyan; Artikutzan, berriz, 1.000 eurorekin bakarrik
2017-01-01
Partekatu - Compartelo
Artikutza da Donostiako Udalak Goizuetan duen finka bat. Argazkia: euskal-herria.org
Nafarroako Gobernuak martxoaren hasieran informatu zuenez (hemen), Foru Poliziak hiru ehiztari atzeman zituen Artikutzan, gauez, elurretan, 4 x 4 ibilgailu batean eta animaliak itsutzeko argiekin ari zirela. Gainera, errifle batean, legeak baimendu baino bala gehiago zeramatzaten. Eta hori guztia, esan bezala, Artikutzan, hau da, ehiza egitekoa ez den eta babestuta dagoen barruti batean. “Ehizatutako” ehiztariak hiru oiartzuar ziren, Aiako Harriko Parkean Ehiza Federazioak antolatzen eta Gipuzkoako Foru Aldundiak baimentzen dituen basurde- eta orkatz-uxaldietan parte hartutakoak.
Albistearen berri izan bezain laster, Eguzkik kasuaren segimendua egiteari ekin zion. Izan ere, Artikutzako hau Aiako Harrian eta, oro har, Nafarroako iparraldean ohikoa den ingurumen-delinkuentzia modu baten oso kasu adierazgarria da.
Bada, Nafarroako Gobernuak orain dela gutxi itxi ditu Foru Poliziaren salaketaren ondorioz irekitako espedienteak. Zehatz-mehatz, hiru isun edo multarekin itxi ditu, 1.503 (autoaren gidariarentzat), 1.002 eta 1.002 euroko hiru multarekin. Guztira, 3.507 euro. Beraz, ehizan legez kanpo aritzea, ia arau guztiak hautsita, gainera, merke-merke atera zaie. Izan ere, Ingurumen Zuzendaritzak ezarri die Nafarroako Ehiza Legeak arau-hauste larrietarako aurreikusten duen isunik txikiena. Garbi dago zigor handiagoak behar direla, legez kanpoko ehizarekin benetan bukatu nahi bada, behintzat.
Eguzkik eskatzen du Legeak aurreikusten duen isunik handiena ezartzea, behintzat. Azken batean, Natura 2000 sare europarreko barruti babestu batean ari ziren. Zigorraren berri boletin ofizialean ematea ere eskatzen du, harrapatutako ehiztarien izen-abizenekin.
Halaber, Eguzkik eskatzen dio Donostiako Udalari (Artikutzako finkaren jabeari, alegia) helegitea jartzeko, Nafarroako Gobernuak zigorra gogortzeko.
Bukatzeko, Eguzkik Gipuzkoako Ehiza Federazioari eta Foru Aldundiari eskatzen die horrelako ingurumen-delinkuenteei Aiako Harriko Parkeko kudeaketa zinegetikoan parte hartzen ez uzteko.