Gipuzkoako talde ekologisten eta natur taldeen erantzuna EHNE eta ENBA sindikatuei
2017-01-28
Partekatu - Compartelo
Hasierako proiektua gutxi balitz, askoz pista gehiago zabaltzeko asmoa azaldu du Mankomunitateak.
Bi sindikatu horiek eman berri duten prentsaurrekoan Aranzadi Zientzia Elkarteak urtarrilaren 13an Batzar Nagusietako Ingurumen Batzordean Aralarko pisten inguruan egindako agerraldia gaitzetsi dute. Harrituta omen daude Aralarren inguruan erakunde horrek azaldutako “oinarri zientifiko ezagatik”. Ez omen dute ulertzen “Aranzadi bezalako prestigiodun elkarte batek zein motibazio izan dezakeen erabat orkestratutako eszenografia honetan parte hartzeko”. Salaketa larri hauek egiteko, gainera, zuzenak ez diren hainbat argudio eman dituzte:
“Aranzadik, zoritxarrez, argi utzi zuen, bere ustean, abeltzaintza estentsiboak ez duela etorkizunik (2002an Eusko Legebiltzarrean aurreikuspen berdina egin zuen, eta zorionez, ez zuen asmatu)”. Aranzadiko ordezkariek esandakotik ondorio hori ateratzea jokabide benetan interesatua da. Argi utzi zutena da Aralarren gaur egun bultzatzen den abeltzaintza-eredua ez dela bateragarria natur balioen kontserbazioarekin. Gehiegizko abelburu kopurua dagoela esan zuten, eta eredu horrek huts egiten duela etengabeko diru laguntzen emendioak ez duelako artzain kopuruaren gutxitzea gelditu. Aranzadiko ordezkariek abeltzaintza estentsiboaren aldeko aldarria egin zuten, baina azterketa zientifikoetan oinarrituta kudeaketaren bermearekin. Hauxe da gaur eguneko ereduak errespetatzen ez duena eta horren etorkizun eza da Aranzadiko ordezkariek salatu zutena.
“Aralarren artzaintza desagertuko balitz ez litzateke deus ere gertatuko” esan omen zuten Aralarko ordezkariek. Hori ere ez da zuzena. Esan zutena da Aralarrek bere oreka ekologikoa bilatuko zukeela, azken 150 urte hauetako lurzoruaren galera gelditu eta pixkanaka berreskuratuz.
“Aralarko kudeaketa gaur egungo egoera kudeatzera mugatu beharko litzateke”, ranzadiren ahotan jarritako beste baieztapena. Hori ere ez da zuzena. Artzaintza- eredu berri bat eskatu zuten, horretarako ikuspegi orokorrarekin egindako proposamena eskainiz. Aranzadik aspalditik dauka gai hau aztertuta, eta sindikatu horiek inoiz kontuan hartu izan ezak ez du justifikatzen euren ahalegina modu itsusi horretan arbuiatzea.
“Aranzadiren posizionamenduak ez du kontuan hartu, Aralar mendia Mankomunitatea osatzen duten hamabost udalena dela”. Natur balioen defentsak unibertsala eta derrigorrezkoa beharko luke izan giza eskubidea den heinean, eta sindikatu horien ordezkariek ulertzen ez badute ere, baserritarrak zein abeltzainak balio horien galeraren kaltetu zuzenak dira naturak euren lanbidea baldintzatzen duelako. Parke naturala udalerri horien lurretan dagoela uka ezina da, baina eremu horrekiko abeltzaintzatik haratagoko interesak daude, eta horiek ez daude ordezkatuta parke horren kudeaketarako erabaki organoetan.
Poztekoa da, behingoz, sindikatu hauek zientziaren aldeko aldarria egitea. Aranzadi Zientzia Elkarteak Aralarri buruz duen ezagutza zientifikoa zalantzan jartzea zilegi da noski, baldin eta horretarako argudio zientifikoak erabiltzen badira. Eta hor dago koska, ez dagoelako (publiko eginda behintzat), horretarako daturik.
Gipuzkoako natur taldeak eta talde ekologistak urteak daramatzagu babestutako eremuetan ezagutza zientifikoan oinarritutako kudeaketa gauzatzeko eskaerak eta proposamenak egiten Foru Aldundiari. Aurreko legealdian Aranzadik proposatutako Batzorde plurala diseinatzea lortu genuen: Bioaniztasunaren Mahaia. Bere osaera eta funtzioak legez zehaztuak ditu, eta Aldundiari dagokio martxan jartzea natur balioen ustiapenaren eta kontserbazioaren auzia behar den arduraz lantzeko. Zain gaude, guztion onerako izango baita.