Albistea

  • “Txillardegi, ekologista eta animaliazalea”, hitzaldia

    2017-02-03
    Partekatu - Compartelo

    IMG-20170131-WA0006 copiaTxillardegi hil zeneko 5. urteurrenaren testuinguruan, Txillardegi Liburutegia herri ekimenak eta Eguzkik “Txillardegi ekologista eta animaliazalea” izenburuko hitzaldia antolatu dute.

    Otsailaren 10ean izango da, 18:30ean, Donostiako Liburutegiko ekitaldi-aretoan (sarrera San Jeronimo kaletik), eta bertan Txillardegi eta ziminoa liburuaren egile Markos Zapiainek eta Eguzkiko kide Martin Ansok hitz egingo dute.

    Markos Zapianek azalduko du nolako ideia filosofikoetan nahiz pasarte biografikoetan sustraituta dagoen Txillardegik liburu askotan erakutsi zuen animaliekiko begirune edo elkartasuna. Idazle gisa, Zapiain saiakera alorrean nabarmendu da. Hitzaldiaren gaiari dagokionez, Txillardegi eta ziminoa argitaratu zuen 2007an.

    Eguzki taldeko kide Martin Ansok, berriz, aurkezlearenak egingo ditu. Txillardegik Donostiako ekologistekin eta animaliazaleekin izan zuen harremanari buruzko zertzelada batzuk emango ditu.

    Txillardegi pertsona polifazetikoa zen, baina hau ez da, ezta hurrik eman ere, haren fazetarik ezagunena. Hortaz, bakarren batentzat aurkikuntza interesgarria izango da, seguru.

    Donostian bada herri-ekimen bat Udalak eman diezaion Txillardegiri zor zaion aitortza publikoa. Herri-ekimen honen helburua, Liburutegi Nagusiari Txillardegi izena ematea da. Eskaera berria ez bada ere, Txillardegiren 5. urteurrena gogoratzen ari garen honetan, azkartu egin da, eta horren bueltan hainbat ekitaldi antolatu dira. Testuinguru horretan kokatzen da “Txillardegi, ekologista eta animaliazalea” hitzaldia.

    Txillardegi zezenketen kontrako manifestazio batean.

    Txillardegi zezenketen kontrako manifestazio batean.

    Orangutanen uhartea ipuina irakur dezakezu hemen sakatuta.


    Partekatu - Compartelo