Gai jakin baten inguruan hirugarren aldiz Gipuzkoako Foru Aldundira jo du Eguzki erakunde ekologista eta antinuklearrak, gure lana garatzeko behar den informazioa lortzeko asmoarekin.
Natura 2000 Sarearen barruan dagoen Ulia-Jaizkibel KBEko egoeraz, esan dugun bezala, hirugarrenez galdetu diogu Aldundiari, orain arte inolako erantzunik jaso ez dugulako. Ulia-Jaizkibel Kontserbazio Bereziko Eremuak (2013. urtean izendatua,
Hondarribia, Lezo eta Pasaiako Udalena da) bere kontserbazio helburuak lortzeko sei urtetan garatu behar den Kudeaketa Plana dauka, eta hori gauzatzen ari ote den zalantza handiak ditugu; batetik, ezarritako neurriak aurrera eramaten ari direnik ikusten ez
dugulako, eta bestetik kontserbazio helburuak lortzeko kaltegarriak izan daitezkeen jarduera ezberdinak bertan ematen ari direlako, bere garaian salatu genuen bezala.
Kudeaketa Plana garatzeko epearen erdia bete da dagoeneko, eta ez dakigu zein den haren betetze-maila. Hala ere, erakunde publikoek bere jardueren gardentasunaz eten gabe hitz egiten digute totem bat bihurtuz. Baina hitzek eta ekintzek ez dute bat egiten, eta gaur hona ekartzen dugun gaia horren adierazle argia besterik ez da, eskaera gehiago erantzun gabe daudelako.
Ulia-Jaizkibel Kontserbazio Bereziko Eremuari dagokion Kudeaketa Planaren urteko balantzea eskatzen dugu, tresna erangikorra baita ezarritako helburuak lortu nahi badira. Plana garatzerakoan betetze-maila ezagutzeko eta sortu daitezkeen ustezko arazoak eta desbideraketa ekonomikoak zuzentzeko aukera ematen duelako balantzeak.
Era berean, arlo horretan lan egiten dugun gizarte-eragileei informazioa eskaintzen digu erakunde publikoek egiten duten kudeaketa fiskalizatzeko.
Informazioa ezinbestekoa da, eta horrela ulertzen hasi dira Erakunde publikoak, horri heltzeko araudiak onartuz eta bitartekoak jarriz, Ingurumenari buruzko informazio eskubidea beste arlo batzuetako eskubidea baino zabalagoa izanik. Baina zoritzarrez, hitz politak eta araudi zehatzak izatea ez da nahikoa agintzen duenarentzat, hori gauzatzeko borondatea ez baitator bat hitz eta araudi horiekin. Gipuzkoako Foru
Aldundia benetako parte-hartzearen eta gardentasunaren alde dagoela esatea gustatuko
litzaiguke, baina momentuz, bere ekintzek aurkako norabidean ari dela frogatzen dute.
2017-02-23
Oarsoaldeko EGUZKI Talde ekologista eta antinuklearra