Albistea

  • Gueñes-Itsaso goi-tentsio linea egitasmoa bertan behera uzteko eskatu dute

    2017-03-26
    Partekatu - Compartelo

    Prentsaurrekoa eman dute Durangon EH Bilduko hainbat herritako alkate eta zinegotzik, Garaiko alkateak, EHNEk eta Eguzkik.

    Gueñes-itsaso goi tentsio prentsaurrekoa

    Prentsaurrekoan parte hartu zutenak: EHNE eta Eguzkikoak, Zaldibar, Igorre, Antzuola eta Elgetako alkateak, eta Berriz, Zornotza eta Iurretako zinegotziak Argazkia: ARGIA.

    Gueñes Itsaso goi tentsioko lineak, 30 metro zabalerarekin 74 kilometro luzetan gure lurraldea zatikatuko du, iada nahiko zigortua dugun lurraldea. Honek fauna eta landareriaren gain, eta ingurumenean inpaktu larriak sortuko ditu; eta era berean, lurren nekazal balioa galtzea ekarriko du. Guzti hau gainera inolako justifikazio barik.

    Tentsio lerro honen plangintza pasa den hamarkadan egin zen, ustez, erabat zaharkiturik gelditu diren aurreikuspen makroekonomikoei eta eskaera energetikoari erantzuteko. Benetako arrazoia, baina, espainiar sistemaren gainprodukzio energetikoa Frantziara eramatea da (instalatutako ahalmena 105.308 MWkoa da, eta 2016ko eskariaren puntu gorena 40.489 MWkoa izan zen). Gure osasuna eta ingurumena, beste behin ere, oligopolio elektriko baten mesedean jartzea da Gueñes -Itsaso goi tentsio linearen helburua. Goi tentsio linea hauek enpresa elektriko handiek beraien negozioak mantentzeko eta gure argindar fakturak igotzen jarraitzeko behar dituzten “autobide elektrikoak” dira.

    Osasunean ere eragina izango du goi tentsio linea honek. Ugariak dira frekuentzia apaleko eremu elektromagnetikoak -goi tentsio lerroek sorturikoak- minbizi eragile direla dioten azterketak, eremu elektromagnetiko horien inguruan haurrek leuzemia izateko arriskua areagotzen dela azpimarratuz. Gainera, Estatu espainiarrean dauden eremu elektromagnetikoen esposizio neurriak zaharkituta daude Europar Legebiltzarraren eta Europar Kontseiluaren arabera. Espainiar araudiak 100 mikro-teslako muga ezartzen du, aldiz, FEMP-k (Federación Española de Municipios y Provincias) eta Osasun Ministerioak aholkatzen dute “0,4 mikro-teslatik gora jasaten duten herrietan azterketa epidemiologikoak bultzatu behar direla”; gaur egun, ez da halakorik egin.

    Kontuan izanik trazatu honek negatiboki eragingo diola igarotzen dituen 26 udalerriri; kontutan izanik, instalazio hauek gune jendetsuetatik urruntzeko beharra dagoela Europar Batasunak jartzen dituen arreta irizpideek jarritakoaren arabera; eta kontutan izanik gure nekazal ingurua, ondarea eta ingurumen baloreak babesteko beharra, Gueñes-Itsaso goi tentsioko linearen proiektua bertan behar uzteko eskatzen dugu.

    Eskaera honen harira, hasi dira mugimenduak linea pasako litzatekeen herrietan. Hala,  Berrizen goi-tentsio line berriaren aurkako erabakia aho batez   (EAJ, EH Bildu eta PSE) hartu zuten eta orain atxikimendua eskatuko diete herritarrei; Iurretan ere aho batez agertu dira aurka, kasu honetan udal batzordean.

     


    Partekatu - Compartelo