Pasai Donibaneko Alabortzako kalan izandako lur-jausien ondoren, mendi-hegala egonkortzeko lanak egin dira duela gutxi. Orain kala birgaitzeko lanak hasi dira eta, bide batez, bertan dagoen ontziraleku zaharrean ere lanak egiten hasi da Udala.
Ezkerrean magalaren egonkortze lanak, eskuinera ondare natural eta arkeologikoa porlaneztatzen.
Oarsoaldeko Eguzki erakunde ekologistak lan horiei buruzko iritzia plazaratu nahi du idatzi honen bidez.
Salatu nahi dugu eremu natural eta babestu hori porlanez betetzen ari direla, eta esku-hartze hori naturaren kontserbazioaren kontrako erasoa dela.
Eremu hori Ulia-Jaizkibel Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) eta Natura 2000 Sarearen barruan dago, eta ondorioz, honen araudiaren babespean dago. Kontserbazio Bereziko Eremuaren helburu nagusia kontserbazioa izanik, ez dugu inongo zalantzarik eremu horretan egiten ari diren lanak finkatutako helburuen aurka doazela. La Anunciata Ikastetxeko ikasle batzuek 2015. urtean egindako “Alabortza, recuperando un pequeño tesoro” izeneko ikerketa baten arabera, Euskadiko espezie mehatxatuen katalogoan dauden bi txori espezie (kaio iluna –larus fuscus– eta ubarroi mottoduna –Phalacrocorax aristotelis–) atseden eta elikadura bila etortzen dira gune honetara jenderik ez dagoenean. Argi dago lan horiek espezie horiek bertaratzea oztopatuko dutela, jendearen presentzia areagotuko baita.
Halaber, eremu hori Euskal Autonomia Erkidegoko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoan dago, eta Interes Naturalistikoko Paisaia da. Egiten ari diren lanak izendapen horren aurka doaz erabat, eremua zementuz betetzen eta artifizializatzen ari baitira.
Eta bukatzeko, proiektuak dio bertan kai zahar baten aztarnak daudela, nahiz eta gaur egun ondare bezala onartuak eta babestuak ez egon. Egun babestuak ez egoteak ez du esan nahi aztertu ondoren babestu behar ez direnik. Horrelakoetan, zuhurtasunez jokatu behar da ondare izan daitekeen elementu bat gal ez dadin. Lehen aipatutako ikerketak dio kalan dauden hondakin arkeologiko-historikoak kontserbazio egoera onean daudela, eta ahal izanez gero, ondo legokeela horiek hobetzea bertako biztanleak leku horren historia ezagut dezaten.
Horiek horrela, Eguzki kai zaharrean zementua erabiliz egiten ari diren betelanen aurka dago, eta hau eskatzen dio:
Pasaiako Udalari, lanak bertan behera utz ditzala, eta lehengoratu dezala eremua sortutako kalteak konponduz.
Gipuzkoako Foru Aldundiari, manposteriazko kai zaharra babestu beharreko ondare arkeologiko-historikoa izan daitekeen azter dezala.