Albistea

  • Zer espero dezakegu Lasarte-Orian 5. edukiontzitik?

    2017-04-05
    Partekatu - Compartelo

    La pancarta del balcón del Ayuntamiento dice:

    La pancarta del balcón del Ayuntamiento dice: “Lasarte-Oria birziklapenaren alde”. Quizá sea verdad, pero los datos dicen otra cosa.

    Urte hasieran ezarri zen Lasarte-Orian etxeko hondakinen zatiki organikoa biltzeko 5. edukiontzia. Kanpaina ondo joan omen zen -Udalak 3.000 kubo baino gehiago banatu zituen- eta berandu baino lehen izango dugu lehen emaitzen berri. Emaitza horiek behar bezala ebaluatzeko, komeni da jakitea zein izan den orain arteko egoera, eta, horretarako, oso aproposak dira 2016an Gipuzkoan egin zen hondakin-bilketari buruzko datuak. Datu horiek oinarri hartuta, osatu dugu honako taula hau:

    Fuente: http://www.gipuzkoaingurumena.eus/eu/gipuzkoako-hiri-hondakinen-kudeaketari-buruzko-datuak

    Iturria: http://www.gipuzkoaingurumena.eus/eu/gipuzkoako-hiri-hondakinen-kudeaketari-buruzko-datuak

    Lehenengo ondorioa begi-bistakoa da: orain arte Lasarte-Oria izan da gutxien birziklatu duen herria. Logikoa da, etxeko zaborren % 45 inguru organikoa delako, eta Lasarte-Oriakoa izan delako herritar guztiei organikoa biltzeko aukera eman dien azken udala, bai Mankomunitatean, bai seguru asko Gipuzkoa osoan.

    Ondorio nagusi horretatik eratorrita, beste ondorio bat: Lasarte-Oriako gaikako bilketaren ehunekoa (38,03) San Markoko Mankomunitatearen bataz bestekoaren azpitik dago (46,27). Eta, halaber, San Markoko bataz bestekoa, Debabarrena eta Txingudikoak bezala, Gipuzkoakoaren azpitik dago (50,20). Usurbil, Astigarraga, Hernani, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako emaitza bikainek nekez itxuratu ditzakete oso gutxi birziklaten duen Donostiaren emaitza txarrak. Hiriburua handia da, bai, eta gainera bere emaitzak kaskartu ditzakeen turismo/ostalaritzako industria handia du. Baina batez ere gutxi birziklatzen du gaikako bilketa egiteko sistema eraginkorrik ez duelako.

    Bestalde, taulako eskuineko zutabeari erreparatzen badiogu, Lasarte-Oriak 2016an 243,07 kg errefus sortu zituen biztanleko. Beraz, Donostiatik (284,18) eta Urnietatik (248,72) oso gertu dago, eta, hain justu, horiekin batera partekatzen du errefus gehien sortzen dutenen podioa.

    Lasarte-Orian 5. edukiontzia ezarri ondoren, zer esapero dezakegu? Logikari jarraituz, gure herria Mankomunitatea azken putz izateari uztea espero dezakegu. Gipuzkoako bataz bestekoa (% 50,20) lortuko ote? Zaila, baina, horrela balitz, gaitz erdi. Nolanahi ere, nekez espero dezakegu leku guztietan gutxienekotzat jotzen ari den % 60 lortzea.

    Erraustegiaren gertuko mehatxuak ez ote ditu herritarrak bultzatuko beste herrietan baino gehiago birziklatzera eta, ondorioz, emaitza hobeak lortzera? Kontzientziazioa eta motibazioa garrantzitsuak dira beti, baina gaikako bilketan erabakigarria da sistema eraginkorra izatea. Horra hor Debagoieneko, Tolosaldeko eta Sasietako emaitzak, % 79,64, 63,37 eta 60,01, hurrenez hurren. Bertakoek ez dute zertan kontzientzia-maila handiagoa edo txikiagoa izan San Markoko, Debabarreneko eta Txingudiko herritarrek baino. Beraz, galdera ezin da saihestu:  eta Lasarte-Orian dagoen sistema eraginkorretakoa al da? Ez, Donostian dagoen berbera da, hain justu, eraginkortasun gutxiena duena, alde ederrarekin, gainera.

    Beraz, labur-labur: 5. edukiontzia ezarri ondoren, gaikako bilketaren ehunekoa hobetzea espero dezakegu, jakina, baina Lasarte-Oriak tropeleko atzealdean jarraituko du. Horren kontziente izateak ez du esan nahi ahal den ongien egiten saiatu behar ez dugunik, besteak beste, birziklatzen dugun gramo bakoitzarekin agerian uzten ari garelako inposatu nahi diguten erraustegia ez dela beharrezkoa.

    Eguzki, 2017ko apirila


    Partekatu - Compartelo