Albistea

  • Zikuñaga paper-fabrikan ekoizpen gehiago, baina noizko kirats gutxiago?

    2017-05-18
    Partekatu - Compartelo

    Zikuñaga Sta.BarbaraEgunotan albiste izan da Iberpapelek 180 milioi euro inbertitzeko asmoa duela Zikuñagako paper-fabrikan, Hernanin. Inbertsio horrek ekoizpena %15 edo %20 handitzea omen du helburu.

    Beraz, ekoizpen gehiago, baina noizko kirats gutxiago?

    Izan ere, sekulakoa da paper-fabrika horrek Hernanin, Astigarragan, Martutenen, Loiolan, Egian, Amaran, Grosen, Intxaurrondon, Aieten eta, oro har, Urumeako bailara inguruan aspaldi-aspalditik zabaltzen duen kiratsa, batez ere hego-haizeak jotzen duenean.

    Eta ez dago disimulatzerik, 2014an, Eusko Jaurlaritzaren eta Donostiako Udalaren enkarguz, kiratsari buruzko ikerketa bat egin zelako eta ondorioa dudagabea izan zelako: kiratsaren iturburua Zikuñaga paper-fabrika da.

    Ikerketaren emaitzak enpresaren esku geratu ziren, neurriak hartuko zituelakoan. Ez du hartu, ordea, eta kiratsak Donostiaraino iristen jarraitzen du, batez ere iluntzean, terralak jotzean.

    Gauzak horrela, gure kezka da ea ekoizpena handitzearekin batera kiratsa ere ez ote den areagotuko. Eta, gure ustez, Iberpapelek ekoizpena handitzeko dirua badauka, kiratsa gutxitzeko ere eduki beharko luke.

    Beraz, Eguzkikook enpresari neurriak hartzeko eskatzen diogu, eta Jaurlaritzari eta Hernaniko Udalari, berriz, arazoari serio heltzeko eta Iperpapeli kargu behar bezala hartzeko, neurriak behin-betiko har ditzan. Eskaera hauxe bera egiten diegu bailarako gainerako udalei eta beharbada bereziki Donostiakoari, kiratsak Donostiako milaka eta milaka herritarri egiten baitie kalte.

    Eguzki, 2017ko maiatza 


    Partekatu - Compartelo