Portugal gupidagabe kixkali duen sute ikaragarria itzalita, kausak aztertzeko unea iritsi da…
·Mutur-muturreko baldintza atmosferikoak, hain muturrekoak ezen nahiko logikoa da pentsatzea ez direla guztiz naturalak, eta, neurri batean, behintzat, klima-aldaketaren ondorio direla, azkenaldion ezagutzen ari garen muturreko beste hainbat fenomeno bezala;
·mendien abandonua, landaguneetan gero eta nabarmenagoa den despopulazioarekin lotuta;
·Baso-politika jakin batzuk, bioaniztasunaren kontrakoak izateaz gain, temerarioak ere badirenak, oraingoan ere agerian geratu den bezala;
·Prebentzioan inbertsio gutxi eta, gainera, murrizketak;
·Suari aurre egiteko orduan, deskoordinazioa…
Bakoitzak nahi duen kausa nabarmendu dezala, gustu edo interesen arabera. Hala ere, norberaren gustu edo interesen gainetik, sute ikaragarri horren kausen gisatu “fundamentuzkoa” egiteko, bada eltzera, pixkaka baino gehiago eskukadaka, bota behar den osagai bat, eta osagai hori da neurri handi batean hazkunde azkarreko espezie exotikoetan oinarritutako baso-politika, esaterako, eukalipto australiarrean. Izan ere, botanikoek ez dute espezie hori alferrik sailkatzen landare pirofiloen artean. Sua “gustuko” duela, alegia.
Euskal Herrian, gehienbat Bizkaian eta Gipuzkoan, asko eta asko dira espezie horiekin okupatuta dauden hektareak, batez ere eukaliptoekin eta intsinis pinuekin (1), Portugalen bezala. Baita mendi publikoetan ere, hori bati baino gehiagori, arrazoi osoz, gainera, harrigarria irudituko zaion arren. Harrigarria irudituko zaion bezala foru aldundieek espezie horiek sustatzen jarraitzen dutela (2).
Inoiz ez omen da berandu auzo eskarmentatuaz ikasteko.
Eguzki
(1) EAEn, 132.000 hektarea intsinis pinu daude, zuhaitzez estalitako superfizie osoaren %33. 15.000 hektarea eukalipto ere badaude, gehienbat Bizkaiako kostaldean.
(2) Honi dagokionez, hona hemen Gipuzkoako elkarte ekologista eta naturzaleen koordinadora Naturkonek orain dela gutxi eginiko salketa: