Albistea

  • Eguzki: “Leroy Merlin Errekalden ezartzea hirigintza interes pribatuen neurri-neurrira egitearen adibide garbia da”

    2017-07-08
    Partekatu - Compartelo

    Captura de pantalla 2017-07-05 a las 12.17.58Lasarte-Oriako Udalak Leroy Merlinen saltoki handi bat ezarri nahi du Errekaldeko industrialdean. Lasarte-Oriak industrialde hori Donostiarekin partekatzen duenez, tramitatzen hasi da bi udalek onartu beharko duten Bateratze Plan bat.

    “Baina zehatz-mehatz non ezarri nahi du saltoki handi hori?”, galdetuko du irakurleak. Izan ere, industrialde hori lerro bakar batean kokatutako hainbat eraikinek osatzen dute (Coca-Cola zaharrak, Funeraria Vascongadaren tanatorioak, Foru Aldundiaren inprentak, Hiper Chinak…), eta hor ez dago lekurik. Eraikin horien atzean malda piko bat baino ez dago, nolabait esateko, Bigarren Ingurubideari eusteko ezponda baino ez. Ba, hain justu, malda piko horretantxe ezarri nahi du Lasarte-Oriako Udalak Leroy Merlinen saltokia. Proiektua aurrera ateratzeko, malda piko hori kendu egin beharko lukete eta, horrekin batera, gaur egun bertan hazten den harizti ederra, jakina. Baina malda kenduta ere,  saltokia nahitaez justu-justu kabituko litzateke eta, gainera, zeharo zokoratuta geratuko litzateke. Beraz, sekulakoak egin beharko lirateke inguruko errepideekin eta, azken batean, N-1ekin fundamentuzko lotura lortzeko, non eta berez nahiko zirkulazio zaila duen tarte batean. Zailtasun horren adibide, gogoratu orain dela bi bat urtera arte, alegia, bidegorria egin zuten arte, Errekalde eta Lasarte bitartean oinezkontzako biderik ere ez zegoela.

    Captura de pantalla 2017-07-05 a las 12.07.21Egia esan, Errekaldeko industrialdeak nahikoa du bere buruarekin, eraikin eta zirkulazio-arazo berririk gabe ere. Bateratze Plana abiatzeko dokumentuetan ere argiro aitortzen da zirkulazio, aparkaleku nahiz errepide-sare nagusiarekiko loturak  alderebes samarrak dituela; “kaotiko” da zehatz-mehatz darabilten hitza. Atera kontuak: Errekaldeko industrialdeak espaloirik ere ez du, ezta ondo-ondoan duen Goiegira (eta, ondorioz, Lasartera) oinez zuzenean joateko biderik ere.

    Ezin aipatu gabe utzi beste kontu bat: errepideaz beste aldean, orain dela urte batzuk ateak itxi zituen Oasa fabrikaren orubean, Donostiako Udalak beste saltoki handi bat eraiki nahi du, eta, horretarako, Plan Berezi bat tramitatzen hasi da.

    Hori gutxi balitz, erreparatu diezaiogun ehunka metro inguruko panoramari: Urbil saltoki ondoan, Mercadona bat eta McDonald’s bat egin berri dituzte; egin berri hauen eta Oasa bitartean, Belartza I merkataritza-gune handia dago, eta maldan goraxeago, berriz, Belartza II eraiki nahi dute (izan ere, iaz de facto eraikitzen hasten saiatu ziren, legez kanpo saiatu ere).

    Gauzak horrela, zertarako lurralde-antolaketaz edo planifikazioaz hitz egin, baldin eta hemen interes pribatuen neurri-neurrira egindako hirigintza nagusi bada?

     

    EGUZKI, 2017ko uztaila


    Partekatu - Compartelo