Albistea

  • Ekologistok salatu ditugu Labetxun egiten ari diren jarduera desegokiak, Jaizkibelgo Babes Bereziko Eremuan

    2017-07-16
    Partekatu - Compartelo

    Txangoak murriztu dituzte Labetxun, harrapariak ugaltze-garaian daudelako. Eta, hala ere, argazkian ageri diren pertsonak ekilibrismoa egiten ari dira.

    Txangoak murriztu dituzte Labetxun, harrapariak ugaltze-garaian daudelako. Eta, hala ere, argazkian ageri diren pertsonak ekilibrismoa egiten ari dira.

    Eguzki, Jaizkibel Amaharri, Ekologistak Martxan eta SEO taldeek salatu nahi dugu Labetxu inguruan hainbat jarduera desegoki egiten ari direla, hala nola, eskalada, ekilibrismoa, su aeta pistetatik kanpo ibiltzea.

    Jaizkibeleko zati handi bat, Labetxu barne, Kontserbazio Bereziko Eremua da, eta Natura 2000 Sarearen barruan dago dituen balioengatik. Leku honen kudeaketa Foru Aldundiari dagokio, baina salatzen ditugun jarduerak ikusita, ez dirudi basozainek horien berri eman dutenik eta inpaktuak saihesteko neurririk hartu denik.

    Kezkatuta gaude ingurumenaren eta geologiaren aldetik hain kaltebera den toki honetan, Eusko Jaurlaritzak 2013an Jaizkibelgo KBErako finkatu zituen Neurrien eta Helburuen dokumentuan zehazten diren kontserbazio-helburuen kontrako jarduerak egiten ari direlako.

    Aldundiak jakitera eman du hegazti sarraskijaleak ugaltze-garaian daudela, eta horregatik itxi duela irailera arte Jaizkibelgo erdialdea txangozaleentzat. Neurri hori positiboa da dudarik gabe, baina ez da eraginkorra, ez baitira hura betetzeko beharrezkoak diren baliabideak jartzen.

    Horregatik guztiagatik, eta Natura 2000 Sareko paraje honetarako finkatuta dauden helburuak lortze aldera, behean izenpetzen dugunok eskatzen diogu Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuko diputatuari salatu ditugun jarduerak debeka ditzala, eta beharrezkoa den neurrian, aldi baterako bada ere, basozainen presentzia indartu dezala.

    Eguzki, Jaizkibel Amaharri, Ekologistak Martxan eta SEO


    Partekatu - Compartelo