Enirio-Igaratza Pistari Stop!!

Aralar denotzat panoramikoaUztailaren 3an Enirio-Aralar mankomunitatea Bilduko zazpi udalerrik egindako eskaria eztabaidatzeko bildu zen: Aranzadiri azterketa integrala eskatzeko. Mankomunitateko buruak EAJko Santamariak kontrako mozioa ere bazuen, bertan, ez Aranzadik ez beste inork, azterketarik ez egiteko eskatuz. Bilera labur horretara gerturatu ginen Aralar Bizirikeko kideok, eta beste herritarrok ez genuen ulertu gertatutakoa, bai Bilduk eta baita Santamariak berak beraien mozioak erretiratu baitzituzten, esan zutenez, Aranzadi Natur Zientzia Elkartea bere kabuz ari omen delako azterketa egiten.  Oso positibotzat jotzen dugu Aranzadik azterketa integrala egitea baina batzarrean oso informazio  gutxi eman zen, azterketa horretaz eta ondorengo pausuez.

Aurretik ere, ekainaren 29an, Ordiziako Udal Batzak Ordizia Orainen mozioa eztabaidatu zuen, honako hau zioena, mankomunitatean zazpi udalerriek aurkeztutako idatziarekiko atxikipena luzatzea, eta baita Aranzadik bere lana bukatu arte, Enirio-Aralarrerako proiektu eta planak bertan behera geratzea. Mozioa onartu zen Bildu eta Ordizia Orain botoekin, EAJk aurka bozkatuz eta PSE abstenituz. Baina Santamariak, Ordiziako alkateak eta mankomunitateko lehendakariak ez zuen horren berri eman mankomunitateko batzarrean, bere udal batzaren ordezkaritzari muzin eginez.

Hasierako proiektua gutxi balitz, askoz pista gehiago zabaltzeko asmoa azaldu du Mankomunitateak.

Eraiki nahi diren pistak, gorriz,

Egoera honetan aurretik ere hainbat udaletan aurkeztutako mozioaren puntuak betetzea berriro eskatzen dugu eta dagoeneko bost udalerritan onartutakoak (Ikaztegieta, Itsasondo, Legorreta, Ordizia eta Zaldibia):

–          bertan behera uzteko Enirio-Igaratza pistaren tramiteak, eta baita  2015-2019ko plangintza ere, zientzia elkarteak bere azterketa bukatu bitartean.

–          Ondoren, orain arteko kudeaketa plana baztertuz, Aranzadiren azterketan oinarrituta Enirio-Aralarko Mankomunitatearen 2003ko Ekintzen Egitamua berrikusi dezatela, eman daitezken erabilerak naturaren babesaren menpean jarriz eta, onartzeko prozesuan, herritarren parte-hartzea eta eztabaidari bide emanez.

 

Mehatxuak Enirio-Aralar mankomunitatean:

Landarlan ingurumen elkartea, Aralar Bizirikeko partaidea dena, Mankomunitatearen ekaineko batzarrean ganaduzale batengatik jasotako mehatxuak ari dira jasaten hainbat herritar ere kalean bezala Aralarren bertan. Aralar Bizirikek irmoki gaitzesten du elkarbizitzaren kontrako jokaera hau, eta Mankomunitateko buruari eskatzen dio lehenbailehen, mehatxu horiek arbuiatzeko adierazpen publiko baten bitartez.

Oiduiko borda kixkalita

Elkarbizitza mailan Oiduiko bordaren erreketa izan bada ere ekintzarik deigarriena, pisten aurkakoen mehatxuak ez dira amaitu.

Goroskintxuko pistan higadura handituz

2016ko udazkenean, Foru Aldundiko Mendietako Zuzendaritzak bultzatuta eta Ingurumen Zuzendaritzak onartuta eraiki zen Goroskintxuko pista, eta bere Ingurumen Inpaktuko Azterketaren arabera, proiektuan zehar hartutako neurriak pista eta bere inguruko lurren higadura gutxiagotzeko eraginkorrak izango ziren. Pistaren gaur egungo egoera ikusita, begi bistakoa da Ingurumen Inpaktuko Azterketan egindako aurreikuspenak ez direla bete; dirudienez “ahaztu” egin zitzaien bertan higadura arrisku handiko lur haretsuak daudela eta behorrak eta ardiak dabiltzala hankekin ezponda eta betelanetako lurrak urratzen behin eta berriro: honek bere bultzatzaileen nahi inozoak ez betetzea eragiten du.

Ondare naturalaren kontserbazioa Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako Zuzendariaren ardura denez, begi bistakoa da ez duela bere lana ondo egiten. Eta hori gutxi balitz, Mendietako Zuzendariak beste 2 miloi euro zuzendu ditu 2017 eta datozen urteetan Aralarren pista gehiago egiteko. Horrelako trakestasun eta inkonpetentzia onartezinak dira.

Egoera hau dela eta, Landarlan Ingurumen Elkarteak pista horrek sortutako higadura arazoen berri  jakinarazi dio Ingurumen Fiskaltzari, bai Eguzkik eta Landarlanek berak egindako  Goroskintxuko pistari buruzko salaketa ikertzen ari den erakundeari.

ARALAR  BIZIRIK  PLATAFORMA

2017ko uztailaren 17an