Albistea

  • Aralarren eraikitako pista epaitegian.

    2017-09-14

     ARALARKO  GOROSKINTXURA  EGINDAKO PISTA EPAITEGIAN!

    doniturrieta_enirio (2)Berri ona jaso dugu orain gutxi Eguzki Talde Ekologistak eta Landarlan Ingurumen elkarteak. Orain ia urte bete ingurumen fiskaltzara jo genuen Intzentsao-Goroskintxu pista proiektuak Aralar Natur Parkearen legedia hainbat puntutan urratzen zuela ikusita. Fiskaltzak, Gipuzkoako Aldundiaren eta Enirio-Aralar Mankomunitatearen proiektu honetan Lege hauste zantzuak antzeman ditu eta auzia Tolosako epaitegiaren esku utzi du.

    Jada eraikita dagoen pista proiektua epaitegian egonik, momentu hauetan tramitazio fasean dagoen bigarren pista edo/eta etor litekeen beste edozein proiektu bertan behera uztea eskatzen dugu Eguzki eta Landarlan ingurumen elkarteok, hau da, Enirio eta Igaratzako txabolak lotuko dituen pista berria eraikitzeko plana gelditzea. Bigarren proiektu hau, aurrekoa bezala:

    –       Natura 2000 sare barnean dagoen Aralarko Natur Parkean eraiki nahi dute.

    –       KBE (Kontserbazio Bereziko Eremua) izendapenak loturik dakarren plangintzaz ahaztuz.

    –       Mendi babeslean proiektatu da (legez lurra mugitzea debekaturik dagoen eremuan)

    –       Eta legeak onartzen dituenak baino malda handiagotan eraiki nahi da.

    –       Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua eginaz (indibidualizatua beharko lukeenean).

    –       Legez babesturik dauden espezieak (haginak eta gorostiak) moztea aurreikusiz eta beste behin legediaren interpretazio interesatua eginaz.

    Gogoratu behar dugu Naturkon (Gipuzkoako natur eta ekologista taldeen koordinakundea), Aranzadi Zientzia elkartea, Ahal Dugu eta EH Bildu alderdi politiko zein Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako hiru mendi federazioetatik, pista proiektuekiko ezadostasuna eta azterketa sakonagoen beharra hamaika aldiz adierazi dela, eta gatazka sozial nabarmena sortu dela, Enirio-Aralarko herrietan.

    Horregatik berriro diogu, ikuspegi ekologiko, zientifiko eta kulturaletik Aralar oso eremu berezi eta baliotsua izateaz gain, gipuzkoarrontzat leku oso preziatua ere badela, gainera lur horiek  Enirio-Aralar mankomunitateko herritar guztion lurrak direla ahaztu gabe eta herritarrak oro har, ez daudela Aralar artifizializatzearen alde. Hori horrela izanda, bada garaia bere kudeaketa modu zentzudunago batean egiten hasteko. Behin baino gehiagotan adierazi dugu Aralarren kudeaketa plan berria behar dela, legedia errespetatuko duena eta Aralarko erabiltzaile guztien interesak kontutan hartuko dituena, beti ere naturaren kontserbazioa lehenetsiz. Has gaitezen lanean. Enirio-Igaratza pista geratu!