Albistea

  • Lasarte-Orian zoorik ez

    2017-09-20
    Partekatu - Compartelo

    A zer paradoxa: hontz handi honek ez du zorte handirik, baina zortearen hontza omen da.

    A zer paradoxa: hontz handi honek ez du zorte handirik, baina zortearen hontza omen da.

    Donejakue Bideko II. Azoka dela eta, hegazti harraparien erakusketa bat izan da asteburuan Lasarte-Oriako kale Nagusian. Erakusketa hori aurtengo programaren berrikuntza nagusi bezala aurkeztu zen, baina, praktikan, dozena bat hegaztiz osatutako zoo txiki batekin egin dugu topo. Txanpon batzuen truke, haurrek hontz handi bati edo mozolo bati “maite-maite” egin ahal izan diete gurasoek argazkiak ateratzen zituzten bitartean.

                Animaliak Babesteko eta Edukitzeko Udal Araudiak honako hau dio:

    13 artikulua.- Debekuak

    1.- Erabat debekatuta dago:

                a) Animaliei tratu txarra ematea, edo arrazoirik gabe sufrimendua, mina edo larritasuna eragin liezaieketen edozein jarduerapean jartzea. 

                Egukikoon iritziz, garbi dago asteburuan bisitan etorri zaigun zooak Araudia nabarmen urratu duela. Izan ere, hegazti hauek (baita gautarrak direnak ere) egun santu guztian jendearen aurrean izatea, hanka burdinazko eraztun bati lotuta, tratu txarra da, eta ez du zuritzeko beste kalifikaziorik merezi. Larunbatean, adibidez, hegaztiok 11:00etan ikusgai zeuden eta 21:30ean hortxe jarraitzen zuten. Bestalde, ez dakigu zehatz-mehatz nola eta non lo egin duten, baina igandean, 10:30ean, bidai-kaiola txiki batzuetatik ateratzen ari ziren berriro ere ikusgai jartzeko.

    zooa1

                Dena dela, Arauditik harago, seguru gaude Udalak garbi duela horrelako zooak ez direla inola ere bultzatu behar. Are gehiago, apustu egingo genuke Udalak hegaztien hegaldi librean oinarritutako ikuskizun bat kontratatu zuenean, besterik zuela buruan, ez kale Nagusian ikusi ahal izan dugun zooa.

                “Baina oso harrera ona izan du…”. Nola ez du, ba, izango! Hegazti harrapariak dira! Animalia harrigarriak! Guraso batek nola egingo dio uko semea edo alaba horrelako batekin erretratatzeko aukerari? Hori bai, ahapeka, guraso guztiak, edo gehienak, behintzat, “a ze pena!” esaten ari ziren, ulertzen zutelako hura ez zela animalia hauentzako lekua, animalia hauek ez direla feriako jostailu.

                Orain ez gara espantuka hasiko. Gertatu da, eta kito. Baina, gutun honen bidez, Udalari eskatu nahi diogu hemendik aurrera Lasarte-Orian horrelako zoorik ez onartzeko.         

    Eguzki, 2017ko irailean


    Partekatu - Compartelo