Zapelatz bat izan da ehiza-aldi hasi berrian tiroz botatako lehen hegazti babestua
2017-09-21
Partekatu - Compartelo
Honen antzeko bat bota zuten Uribarri Nagusian. Argazkia: José Herrero
Zapelatz bat (Buteo buteo) izan da ehiza-aldi berrian tiroz bota duten lehen hegazti babestua edo, hobeto esan, Eguzkikook ezagutu dugun lehena.
Uribarri Nagusian aurkitu (1) eta Martiodako zentrora eraman zuten, baina han ezin izan zuten sendatu. Hori abuztuaren 23an gertatu zen, hau da, debekualdi erdia abuztuaren 15ean ireki eta astebetera.
Zapelatz hau izan da lehena, baina zoritxarrez ez da azkena izango. Izan ere, urtero-urtero hamaika dira ehiza-aldian tiroz botatako hegazti babestuak. Eusko Jaurlaritzak 2016an 36 erregistratu zituen (belatz handiak eta txikiak, gabirai bat, mokozabal bat… baita putre bat ere). 36 asko dira, ezbairik gabe, baina icebergaren tontorra baino ez, logikoa baita pentsatzea kasu gehien-gehienak ez direla argira ateratzen.
Eguzkik ezagutzen dituen kasuak salatzen jarraitzeko asmo sendoa du (aurreko ehiza-aldian, Gipuzkoan soilik, 7 kasu jarri genituen Fiskaltzaren eskuetan). Badakigu oso zaila dela tiro egin duena identifikatzea (baita “garbi” jokatzen omen duten ehiztariez inguratuta badago ere), baina salaketen bidez bistaratu nahi dugu hor delituak egiten ari direla, hegazti babestu bat tiroz botatzea delitu izan baitaiteke. Salaketen bidez, diputazioei ere kargu hartu nahi diegu. Izan ere, guk ez dugu duda egiten beraien ehiza-politika arazoaren parte dela. Eta, politika aldatzen ez duten bitartean, ez dezatela beste aldera begiratu, behintzat. Honi dagokionez, gogoratu Arabako Foru Aldundiaren kontrako oso susmo larriak daudela (http://eguzki.org/es/2017/05/16/eguzki-reclama-una-investigacion-sobre-la-falta-de-sanciones-respecto-a-las-denuncias-de-los-guardas-forestales-en-alava/).
Eguzki, 2017ko irailean
(1)Partikular batek aurkitu zuen eta, antza denez, zapelatzak Aranzadiren eraztun bat zeraman.