Albistea

  • Gascok jarduneko alkate dagoela aprobetxatu du zezenketen alde egiteko, donostiar gehienon iritziaren kontra

    2017-10-04
    Partekatu - Compartelo

     

    Aste Nagusian eginiko zezenketa "bikaina" dela eta, Gascok Urrezko Mascorra eman zion Luis David Adame toreatzaileari atzo.

    Aste Nagusian eginiko zezenketa “bikaina” dela eta, Gascok Urrezko Mascorra eman zion Luis David Adame toreatzaileari atzo.

    Eneko Goia alkatea kanpoan denez, Ernesto Gasco da jarduneko alkate, eta aukera aprobetxatu du toreatzaile bati Urrezko Maskorra emateko, donostiarron izenean. Eguzkiren iritziz, jokaera hori lotsagarria da, lotsagarria baita Donostiaren eta donostiarron irudia zezenketa anker eta odoltsuekin nahastea.

    Donostiarrek ez diote inola ere Gasco jaunari eginkizun hori eman. Are gehiago, seguru gaude donostiar gehienek ez dutela inola ere Donostiaren irudia ikukizun anker horrekin lizundu nahi.

    10.000 lagun baino gehiagok Donostian zezenketei buruzko galdeketa bat egiteko eskatu genuen. Baina Gascok aprobetxatu du Madrilgo Gobernuak (hemen ere) galdeketa debekatu duela haren grina taurinoei bide emateko, donostiarron izenean. Gascok, ordea, alor honetan, behintzat, ez gaitu donostiarrok ordezkatzen. Izan ere, Udalak berak egin berri duen inkestaren arabera, donostiarron % 71k ez du udal instalazioetan zezenketarik nahi.

    Gascok, trofeoa eman duenean, ez ditu errespetatu eta are gutxiago ordezkatu donostiarrak. Egin duen gauza bakarra izan da jarduneko karguaz baliatu bere joera eta lagun taurinoei gustua emateko.

    Eguzkikook ez diogu ezer eskatuko Gascori, baina alkateari, berriz, honako hau eskatzen diogu:

    1. Alkateak, benetako alkateak, ez jarduneko alkateak, argitu behar du ea Gascoren jokaerarekin bat ote datorren.

    2. Madrilgo Gobernuak uda aurretik egitekoa zen galdeketa debekatu zuenean, alkateak iragarri zuen, debekuaren gainetik, aurkituko zuela formula bat donostiarrok gai honi buruz dugun iritzia uda ondoren adierazteko aukera izan genezan. Bada, uda pasatu da, dagoeneko udazkenean gaude, eta formula (eta data) zehazteko momentua iritsi da.

    Bitartean, salatzen dugu jarduneko alkateak, gai honi dagokionez, behintzat, donostiar gehienon iritziaren kontra jokatu duela.


    Partekatu - Compartelo