Albistea

  • Aiako Harrian tiroz botatako kurriloaren kasua Fiskaltzan salatuko du Eguzkik

    2017-11-08
    Hau ez da botatako kurriloa, jakina, baina irudiak balio dezake irudikatzeko nolako ehiza-espezierekin nahastuko zuten. ARGAZKIA: JOSE HERRERO

    Hau ez da botatako kurriloa, jakina, baina irudiak balio dezake irudikatzeko nolako ehiza-espezierekin nahastuko zuten. ARGAZKIA: JOSE HERRERO

    Aiako Harriko ehiza-lerroan kurrilo bat (Grus grus) bota dutela salatuko du Eguzkik Fiskaltzan. Hegaztia, Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan “interés bereziko” gisa sailkatua, astelehenean aurkitu zuten. Hankak zisko eginda zituen. Handik ordu gutxi batzuetara hil zen.

    Hau da ehiza-aldi honetan Gipuzkoan botatako lehen hegazti babestua, guk dakigula, jakina. Gipuzkoan nabarmentzen dugu, beste herrialdeetan dagoeneko hainbat kasu ezagutzen ditugulako (1), zoritxarrez, eta guk dakigula, kasu guztien ehuneko txiki bat ezagutzera soilik iristen garelako, logikoa den bezala. Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzak iaz EAE osoan erregistratu zituen 36 kasuak (belatz handiak eta txikiak, gabirai bat, mokozabal bat… baita putre bat ere) icebergaren tontorra baino ez dira.

    Delitugile hauek (izan ere, espezie babestu bat botatzea delitu izan daiteke) beraien burua zuritzeko zer argudiatuko dute? Kurriloa birigarro batekin nahastu zutela? Zer ehiza-espezierekin nahastu zuten kurriloa?

    Eguzkik ezagutzen dituen kasuak salatzen jarraitzeko asmo sendoa du (aurreko ehiza-aldian, Gipuzkoan soilik, 7 kasu jarri genituen Fiskaltzaren eskuetan). Badakigu oso zaila dela tiro egin duena identifikatzea (baita “garbi” jokatzen omen duten ehiztariez inguratuta badago ere), baina salaketen bidez bistaratu nahi dugu hor delituak egiten ari direla. Salaketen bidez, diputazioei ere kargu hartu nahi diegu. Izan ere, guk ez dugu duda egiten beraien ehiza-politika arazoaren parte dela (noizko espezie babestuak botatzen dituzten ehiza-lerroen kontrako neurriak?). Eta, politika aldatzen ez duten bitartean, ez dezatela beste aldera begiratu, behintzat.

    Eguzki, 2017ko azaroan

    (1) Orain arte ezagutzen ditugun kasuak honako hauek dira: zapelatz bat (Buteo buteo) Uribarri Nagusian, gabirai bat (Accipiter nisus) Altsasun, giloi edo karraska bat (Crex crex) Gatikan eta ubarroi bat (Phalacrocoraxcarbo) Larrabetzun. Baita ere okil beltz bat (Dryocopus martius) Zaratamon, hori ehiza-alditik kanpo bota bazuten ere.