Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak bertan behera utzi du Legorretako paper-fabrika zaharrak Oriatik ura hartzeko zuen eskubidea (60 l/s) eta, halaber, eskubide horri lotuta zegoen ibai barruko presa botatzeko ere agindu du. Eguzkik erabaki egokia dela uste du, Oriako bioaniztasunari mesede ederra egingo diolako. Izan ere, Konfederazioak espediente hau tramitatu duen bitartean, Eguzkik eta Rios con Vida elkarteak presa botatzeko alegazioak aurkeztu dituzte.
Ura hartzeko eskubideak bertan behera uztea eta ibai barruko oztopoak kentzea (are gehiago aspalditik funtziorik ez dutenean, kasu honetan bezala) ibaiak hobetze-bidean helburu nagusietakoak dira. Gainera, Legorretako kasu honetan, presa Oria Garaiko Kontserbazio Bereziko Eremuan (Natura 2000 Sarean) eta bisoi europarrentzako Interes Bereziko Alde batean dago. Uholde Arrisku Handiko Eremu batean ere badago, eta, presa botata, ibaian gora, arriskua leunduko da. Hala nabarmendu dute Foru Aldundiak eta Urak, beraien txostenetan.
Konfederazioak urtebeteko epea eman die jabeei, ez presa botatzeko, presa botatzeko proiektu bat aurkezteko baizik. Beraz, hau ez da berehala konponduko den arazo bat, baina Konfederazioak orain hartu duen erabakia oso pauso garrantzitsua da konpontze-bidean, ezbairik gabe.
EGUZKI, 2017ko azaroan