Albistea

  • Karnaba eta antzeko beste txori batzuen legez kanpoko hainbat salmenta-kasu salatu ditu Eguzkik Foru Aldundian

    2017-11-29
    Partekatu - Compartelo

    karnabakEguzkik interneten detektatu ditu itxura guztien arabera legez kanpo harrapatutako karnaba eta antzeko beste espezietako txorien lau salerosketa-kasu, eta horien berri eman dio Foru Aldundiari, ikertzeko eta, susmoak egiaztatzen badira, txoriak berreskuratzeko eta erantzuleei zigorrak ezartzeko.

    Karnabak, txontak, tarinak, txorruak eta fringillidae familiako beste txori batzuk harrapatzea eta, are gehiago, edukitzea bera ere debekatuta dago, aspaldi, gainera. Debeku hori Europar Batasuneko Hegaztien Zuzentarauaren ondorio da.

    Alabaina, Zuzentarauan bertan aurreikusten diren salbuespen-kasuei helduta, Estatu espainolak iskin egin dio urtetan debekuari.

    Estatu espainola Zuzentarauaren salbuespen-kasuen erabilera makurra egiten ari zela ikusita, Europako Batzordeak zigor espediente bat ireki zuen. Gauzak horrela, Gipuzkoan ehizaren gaineko eskumenen jabe den Foru Aldundiak 2016ko azaroaren 10eko 569 LI/2016 Foru Agindua (*) onartu zuen, eta salbuespen guztiak bertan behera geratu ziren.

    Beraz, une honetan gatibu eduki daitezkeen fringilido bakarrak gatibutzan sortutakoak dira, eta beraien jabeek Basa Animalien eta Landareen Zerbitzuan erregistratu behar dituzte.

    Bukatu egin dira txoriak mendian harrapatzeko eta mendian harrapatutako txori horiek edukitzeko aitzakiak. Baita saltzeko aitzakiak ere, jakina. Beraz, une honetan baten bat “paseko karnabak” saltzen (edo erosten) ari bada (Foru Aldundiari pasatu dizkiogun kasuetan bezala), legez kanpo ari da, duda handirik gabe.

    EGUZKI, 2017ko azaroa

    (*) https://ssl4.gipuzkoa.net/castell/bog/2016/11/17/c1607903.pdf


    Partekatu - Compartelo