Albistea

  • Sentsore adimentsuak Donostiako hondakinak biltzeko sistemaren eraginkortasunik eza ezkutatzeko

    2017-12-13
    Partekatu - Compartelo

    Herritarren % 14k bakarrik erabiltzen du 5. edukiontzia.

    Herritarren % 14k bakarrik erabiltzen du 5. edukiontzia.

    Donostiako Udalak iragarri du laster, Foru Aldundiarekin batera, 100 sentsore adimentsu ezarriko dituela Groseko eta Amarako errefuxako edukiontzietan. Guztira, 65.000 euroko gastua. Dirutza, alegia.

    Beharbada baten batek pentsatuko du sentsore adimentsuek Donostiako birziklatze-tasa txikia handitzen lagunduko dutela. Ez da horrela izango, ordea. Izan ere, sentsore hauen funtsezko helburua edukiontziak beteta ote dauden neurtzea izango da. Informazio horri esker, enpresa biltzaileek jakin ahal izango dute egunean bertan hustu behar dituzten ala hurrengo egunera arte hustu gabe utzi ditzaketen. Laburbilduz: sentsore hauekin irabaziko duten bakarrak enpresak izango dira, denbora aurreztu ahal izango dutelako.

    Sentsoreen inguruko ekimen azaleko honek berriro ere agerian utzi du Udalaren eta Foru Aldundiaren partetik ez dagoela gaikako bilketa hobetzeko interesik. Horixe da, hain justu, Donostiako Udalari benetan kezkatu beharko litzaiokeena, alegia, gaikako bilketa-tasa hobetzea. Izan ere, tasa hori, % 38, Gipuzkaoko txikienetako bat da, txikiena ez bada. Eta horrela da Donostian hondakinak biltzeko ezarrita dagoen sistema eraginkorra ez delako. Sistema hori herritarron boluntarismoan oinarrituta dago, eta, jakina, askoz erosoagoa da dena batera errefuxako edukiontzira botatzea gaika biltzea baino.

    Gainera, sistemak herritarron “alferkeria” sustatzen du. Hona hemen datu adierazgarri bat: errefuxako edukiontziak, guztira, 1.539 dira, beraz, nonahi daude; gaikako bilketakoak, berriz, 550 baino ez, beraz, ez daude nonahi.

    Aipamen berezia merezi du zaborren zatiki organikoa biltzeko 5. edukiontziak. Salatu beharra dago edukiontzi hori, “donostiar erara” ezarria, zigorra dela zintzo birziklatu nahi duten herritar arduratsuentzat. Herritar hauek zatiki organikoa, etxean gaika biltzeaz gain, edukiontzi marroi batera eraman behar dute (470 edukiontzi marroi daude, hau da, hiru aldiz gutxiago errefuxakoena baino), txartela erabili behar dute eta, gainera, bi hilabetean behin poltsa konpostagarrien bila joan behar dute. Gauzak horrela, harrigarria al da 5. edukiontzia donostiarren % 14k bakarrik erabiltzea?

    Hiru aldiz errefuxako edukiontzi gehiago dago edukiontzi marroiak baino.

    Hiru aldiz errefuxako edukiontzi gehiago dago edukiontzi marroiak baino.

    Sistema ez eraginkor hau Udalaren axolagabekeriaren ondorio da, eta ez da konponduko sentsore adimentsuak ipintzen, sistema aldatzen baizik.

    Indarrean dagoen sistema Bilduk eta PSEk adostu zuten 2013an. Helburua % 60 gaika biltzea zen. Hori zioten, behintzat. Lau urte pasatu dira, ordea, eta agerian geratu da % 60 hark ez zuela inolako oinarririk.

    Gauzak horrela, Eguzkiren iritziz, unea iritsi da alderdi guztien artean sistema kritikoki berraztertzeko eta gaikako bilketan hobekuntzak adosteko.

    Ez dugu beste munduko ezer eskatzen; arduraz jokatzea baino ez.

    Horra hor, adibidez, Beasain,  hondakinen % 48 gaika biltzetik %  77ra pasatu dena; edota Zumarraga, aurten bertan, % 44tik % 74ra. Beraz, Donostian zergatik ez?

    Eta sistema aldatzeaz ari garenean, ez gara ari edukiontziak lekuz aldatzeaz edota sentsore adimentsuak erabiltzeaz, jakina. Sistema eraginkor bat ezartzeaz ari gara. Edozein eredutakoa (badira eta aukera batzuk), baina eraginkorra, hondakinen % 60 gaika biltzea ahalbidetuko duena eta, halaber, birziklatu nahi duten herritarrak zigortuko ez dituena.

    Honi (benetako arazoari, alegia) heltzen ez dion bitartean, Udalak, txipiroiak tinta bezala, sentsore adimentsuak eta antzekoak erabiliko ditu oraingo sistemaren eraginkortasunik eza ezkutatzeko.

                                     EGUZKI


    Partekatu - Compartelo