Renfek Gipuzkoan dituen geltokien egoera penagarria da: irisgarritasun-arazoak, utzikeria eta, batez ere, arriskua. Arriskua askotan trenbide azpitik pasatzeko biderik ez dagoelako eta, ondorioz, gainetik pasatu behar delako, sarri trena ote datorren behar bezala ikusteko aukerarik gabe eta entzuteko moduko abisurik gabe.
Oraingoan Legazpiko neska bat hil egin da, tren batetik jaitsi eta, trenbide gainetik pasatzen ari zela, beste tren batek harrapatuta.
Renfek Gipuzkoako erabiltzaileei tarteka odolean kobratzen dien txartelaren adibide berria da. Izan ere, neska hau ez da hil zorte txarraren edo despiste baten ondorio, erabiltzaileak trenbide gainetik babesik gabe pasatzera behartzen dituen geltoki-sistema baten ondorio baizik. Eta sistema horrek, tarteka, norbait hiltzen du.
Arazoa estrukturala da. Hamazazpi geltokitan ez dago trebide azpiko biderik edo behar besteko segurtasun-neurririk. Baina ez omen dago arazoa konpontzeko presarik. Izan ere, beste lehentasunak ba omen dira, esaterako, Abiadura Handiko Trena hiriburuetan sartzea. Horretarako ez dago dkiru-faltarik, ez.
Gainerakoan, komunikabideek honelako gertaeren berri ematen dute istripu “arrunten” ondorio balira bezala. Eta alderdi politikoek ere ez dute konponbideak eskatzeko kontzentrazioetan parte hartzera deitzen.
Eguzkikoon partetik, doluminik zintzoenak Legazpiko neska honen senide eta lagunei, dagoeneko ezer gutxirako balio duten arren. Baina batez ere nabarmendu nahi dugu horrelakoak berriz ere ez gertatzeko konponbidea egon badagoela, eta konponbide hori geltokietako segurtasuna hobetzean datzala. Baina horretarako, ezer baino lehen, arazoari benetan duen larritasuna aitortu egin behar zaio. Hori egin ezean, Renfeko erabiltzaile gipuzkoarrek, tarteka, txartela odolean ordaintzen jarraituko dute.