Gipuzkoako Aldundia Aralarko pisten inguruko herri-akusazioa ezabatu nahian

Goroskintxurak pistaren lanak hasi berritan

Salatutako Goroskintxurako pistaren lanak hasi berritan, egun amaitua

GIPUZKOAKO ALDUNDIA LANEAN ARI DA HERRI-AKUSAZIOA EZABATZEKO, ARALARKO PISTA ERAIKITZEAGATIK EGINDAKO USTEZKO LURRALDE ANTOLAKETAREN LEGE-HAUSTEARI LOTUTAKO EGINBIDE JUDIZIALETAN.

Eguzki Talde ekologista eta antinuklearra eta Landarlan ingurumen elkartea, Aralarko gizarte-interesen ordezkari gisa, herri-akusazioa bilakatu dira, epaitegietan Arantxa Ariztimuño eta Felix Asensio-ren aurka aurrera jarraitzen duten aurre-eginbide judizialetan. Bi politiko inputatu hauek PNV-PSE Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Ingurune Naturaleko Zuzendari Nagusia eta Ingurumeneko Zuzendari Nagusi ohia dira hurrenez hurren. Ingurumenaren eta natur eremu babestuen zaintza egin behar zutenak izanik, interes orokorra bermatu beharko lukete, baina ez omen da horrela izan eta lurralde-antolaketaren aurkako ustezko delitu batengatik inputatuak daude, Enirio-Aralarko barruti babestuan 4 km pasako pista bat baimendu eta sustatzeagatik.

En febrero ya realizamos una concentración ante Diputación

2017an Gipuzkoako Aldundi aurrean egindako konzentrazioa.

Baina Gipuzkoako Aldundiak balizko okerra onartu ordez, nahiago izan du berean tematu eta talde hauek natura defendatzeko eta ingurumen-justizia eskatzeko dituzten eskubideak oztopatzen eta eragozten saiatu. Eta adituei hoberik bururatu ez zaienez, epaitegian uko eginarazteko  20.000 euroko fidantza bat jartzeko eskatu zuten eta, dudak uxatzeko fidantza jarri arte guri parte hartzen ez uzteko eskatu epaileari. Epaile instruktoreak astakeritzat hartu eta balizko gastuei aurre egiteko moduko 4.000 €-ko fidantza ezarri zigun. Baina kopuru honi aurre egiteko gai izango ote ginen kezkarekin eta, dirudienez, Foru Aldundiak defentsa gastu altuak dituenez, hain gutxikin ez konformatzeko erantzun dio epaileari eta fidantza 10.000 €-ra igotzeko behintzat, ea honela gizarte-akusazioa uxatzea lortzen duten.

Foru gobernu honek berak gardentasuna, gizarte-partehartzea eta lankidetza publiko-pribatua bezalako ideiekin etengabeko zalaparta itzela sortzen digu bitartean. Baina hau bezalako salaketek argitzen dituzte Aldundiaren benetako asmoak, haien bozka-mintegiari lotutako presio-taldeentzat lan egitea bere helburua izanik, haien erabakietan klientelismoa hutsa erabiltzea, nahiz eta horretarako naturaren kontserbaziorako legedia alboratu beharrean gertatu.

Aralrako piste kalteak 3

Eta Aldundiak Aralarren sortu duen gatazka honetan, ezin ba falta korura igoko diren talde laguntzaileak: ENBA, EHNE-Gipuzkoa, GEBE edo Baskegur bezalako erakunde pribatuak (iturri publikoetatik elikatzen diren arren) eta Abaltzisketako Udala bezalako publikoen bat ere, gustukoak ez dituzten legeei intsumisoak direla aldarrikatuz eta, egun ia ezerezean eta etorkizun gutxiago duen landa-eredu nostalgiko baten irudia saldu nahian kaleratu direnak. Lehen sektoreko talde tradizionalista hauei ametitu nahi ez dutena berriro ere gogoratu arazi beharko zaie: Enirio-Aralar herri-mendi bat dela, babestua gainera, eta bertan ez dagoela nolanahi jarduterik eta indarrean dagoen ingurumen arautegiak interes publikoa  babesten duela eta edozein interes pribatuaren aurretik dagoela.

Donostian, 2018ko otsailaren 21ean.